Arabarron memoria

Urtegiak ere badu memoria

Mirian Biteri 2020ko urr. 19a, 07:00

Langara Ganboako hainbat eraikin, urpean; 11 bizilagun geratu ahal izan ziren urtegia bete ostean. ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN AGIRITEGIA

Uribarri Ganboako urtegia eraikitzeak kaltetu asko eragin zituen Arratzua-Ubarrundia, Burgu, Barrundia eta Ganboako udalerrietan. Herriak eta bertako auzokideak gogorarazteko informazio panelak jarri dituzte bost gune ezberdinetan. Abiapuntua baino ez da.

Uribarri Ganboako urtegiaz hitz egiten dugunean, aisialdia eta Garaio edo Landako hondartzak etorriko zaizkigu jarraian burura, edo, besterik gabe, gasteiztarrak eta bilbotarrak urez hornitzen dituen urtegiaren izena. Baina, ur horren azpian Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu eta desagertutako Ganboa udalerrietako familia askoren bizitza eta sufrimendua dago. Orain, urtegia eraiki eta 60 urte beranduago, osorik edo zati batean ur azpian desagertu ziren herri horiek eta bertan bizi zirenak gogorarazteko informazio panelak jarri dituzte.

Denera, bost gunetan daude azalpen panelak: hain justu ere, Garaioko informazio gunean, Landako aparkalekuan, Mendixurko parke ornitologikoko aparkalekuan, Uribarri Ganboako urtegiko ibilbide berdearen alboan, eta Zuhatzako uharteko ontziralekuan. Panel horietan, urtegiari, haren eraikuntzari eta eragindako herriei buruzko informazio orokorra jaso dute, honela banatuta: Uribarri Ganboa eta Langara Ganboa, Uribarri Ganboakoan; Landa, Marieta eta Larrintzar, Landakoan; Garaio eta Orenin, Garaiokoan; Mendixur, Azua eta Urizar, Mendixurko parke ornitologikokoan; eta Zuhatzu Ganboa, Mendizabal eta Landa, Zuhatzako ontziralekuan. Horrez gain, presako begiratokian txikiagoa den argazkidun panel bat jartzeko asmoa ere badute, uraz bete aurretik inguruneak zuen itxurarekin.

1930. urteko proiektua

Urtegia eraikitzeko proiektuaren hastapenak 1930ekoak dira. Garai hartan, Manuel Uribe-Etxeberria ingeniariak Zadorra ibaiaren uren sistema erregulatzaile bat eraikitzeko emakida bat eskatu zuen ur emaria Bilbora eta haren eskualdera aldatzeko, elektrizitatea sortzeko eta industriako eta etxeko kontsumorako erabiltzeko. Gerra ostean, 1945ean, Bizkaiko Labe Garaiak enpresari saldu zion emakida hori, eta bi urte geroago hasi ziren lanak, horrek zekartzan lur desjabetzeekin.

Diputazioan horren gainean sortutako batzordeko koordinatzaile Fernando Sanchezek nabarmendu du urtegia eraikitzearen ondorioz Ganboako udalerria desegin egin zela, eta Arratzua-Ubarrundiako, Burguko eta Barrundiako ondoko udalerrien artean banaturik geratu zela: "Herri batzuk, Mendizabal eta Zuhatzu Ganboa, urperaturik geratu ziren; eta beste batzuk jendez hustu ziren lurrik gabe geratu zirelako, hala nola, Azua, Larrintzar, Garaio eta Langara Ganboa. Marieta eta Mendixur herriek iraun zuten, baina mugarteak oso murriztuta geratu zitzaizkien. Orenin, berriz, uharte bihurtu zen eta bertakoek ere herria utzi behar izan zuten". Ganboak 700 biztanletik gora zituen orduan, eta 400 baino gehiagok etxea eta lurrak utzi behar izan zituzten.

Ganboak 700 biztanletik gora zituen orduan, eta 400 baino gehiagok etxea eta lurrak utzi behar izan zituzten.

Arratzua-Ubarrundiako udalerrian ere eragin handia izan zuen egitasmoak, presa bertako herri nagusian eraiki zelako; Uribarri Ganboan, hain zuzen ere; herrigunearen eta lurren zati gehienak ur azpian geratu ziren. 1950. urtean 250 bizilagun zituen, eta ehun baino gutxiago geratu ziren urtegiaren eraikuntzaren ondoren.

Gaur egungo Landa, Geltoki auzoa

Antzekoa gertatu zen Landa herriarekin; urtegiko lanak hasterakoan Landak 142 biztanle zituen, eta haietako ehun lagun inguruk emigratu behar izan zuten. Herrigunea Zuhatza uhartea izenekoa bezala geratu zen eta gaur egun Landa bezala ezaguna dena udalerriko Geltokiko auzoa zen garai hartan, Vasco Trenbidea bertatik igarotzen zelako. Barrundiari dagokionez, azkenik, Urizar herritik etxe bat baino ez zen geratu, eta gainerakoak urpean. Guztira, hamabi udalerritan izan zuen eragina urtegiaren eraikuntzak.

1956. urtean, urtegia urez bete aurretik; eskuman, Uribarriko presa ikusten da. ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN AGIRITEGIA

Ganboa haraneko memoria historikoa berreskuratzeko asmoz, lanean hasi ziren orain dela bi urte inguru. EH Bilduren eskutik, 2019ko urtarrilean, Arabako Batzar Nagusiek horren gaineko mozioa onetsi zuten aho batez. Urtegiarengatik desagertutako herriak eta bertakoek sufritutakoa gogorarazteko hainbat ekimen martxan jartzea aurreikusten zuen mozioak; tartean, informazio panelak jartzea. Jarraian, Diputazioa Barrundia, Burgu eta Arratzua-Ubarrundiako udalerriekin harremanetan jarri zen, eta udaletxe bakoitzak batzorde bat osatu zuen. Martxoan, batzorde horietako ordezkariek Diputaziora deitu zuten, bertan beste batzorde bat eratzeko, eta Mendixurren bizi den Fernando Sanchez izendatu zuten bertako koordinatzaile. Dokumentazio lan sakona egin ostean, informazio panelak jartzea erabaki zen; hasiera batean, martxoa aldera jartzekoak ziren, baina pandemiak irailera arte atzeratu zuen.

Dokumentazio lan sakona egin ostean, informazio panelak jartzea erabaki zen; hasiera batean, martxoa aldera jartzekoak ziren, baina pandemiak irailera arte atzeratu zuen.

Gazteentzako unitate didaktikoak eta kaltetuei omenaldia

Bestelako ekimenak abian jarri ahal izatea oztopatu du koronabirusak. Esaterako, aurtengo udan, Zuhatzara udalekuetan joan behar zirenen artean unitate didaktikoak zabaltzeko asmoa zegoen, eta Garaioko informazio bulegora hurbiltzen zirenei liburuxka bat eman: "Pandemiak zapuztu egin ditu bi asmo horiek, eta baita panelen inaugurazioa ere. Ideia zen kaltetutako herrietakoak gonbidatzea, baina orain ezinezkoa da. Baina, ahal denean, egingo da", adierazi du Sanchezek. Azpimarratu du "ezin dugula ahaztu" jende hark egin behar izan zuen sakrifizioa: "Honekin guztiarekin nahi duguna da Gasteizkoei eta Bilbokoei gogoraraztea etxeko txorrota irekitzen dutenean jakin dezatela nondik datorren ur hori eta zer sufrimendu izan den atzean".

Garaioko Eraña familiak urtegiaren beste aldean zituen lurrak, eta txalupa batean zeharkatzen zuten horietara joateko. Eraña familia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago