Arabarron memoria

"Askotan Orenin ondora noa txikitako kontuak gogoratzera"

Mirian Biteri 2020ko urr. 19a, 07:00

Rufino Ugaldek zortzi urte baino ez zituen bere gurasoekin eta beste sei anai-arrebekin batera Orenin herrian zuten etxetik kanporatuak izan zirenean.

"Urtarrilaren 5a zen. Gogorra izan zen, bereziki gurasoentzako; bizitza goitik behera aldatu zitzaien: nekazariak izatetik, egun batetik bestera, Gasteizera joan behar izan zuten. Kalteordainak, gainera, barregarriak izan ziren eta Kutxi kalean atondu gabe zegoen 60 metro karratuko pisu batera joan behar izan genuen", gogoratu du Ugaldek.

Nekazal lurrak ur azpian geratu baziren ere, etxeekin ez zen berdina gertatu, eta eraikinen %80 inguru "irla batean urez inguratuta" geratu zirela azaldu du Ugaldek: "Gurea, baina, beheko aldean zegoen eta urak hartu zuen; urtegia asko jaitsi denean, dena dela, geratzen diren apurrak daude ikusgai".

"Urtegia asko jaitsi denean geratzen diren apurrak daude ikusgai".

Urte askoan joan izan da jaioterria bisitatzen: "Orenin Urizar parean zegoen, 300 bat metrora; eta hortaz, herriminagatik edo, askotan hurbildu izan naiz Urizarrera, eta urtegi ondoan eserita, arratsalde osoak eman ditut txikitako kontuak gogoratzen". Are gehiago, txalupa bat ere erosi zuen, herriraino gerturatu ahal izateko.

Garai hartako oso oroitzapen onak dituela azpimarratu du: "Gogoan dut amak astero ogia egiten zuenekoa edo uda partean garia jotzen zenekoa. Garai hartan, ez zegoen makineriarik eta animalien laguntzarekin egiten zen; gu, trailu gainean gindoazen". Herrian latsarria bazegoen ere, urtean birritan edo, Zadorra errekara joaten zela ere gogoratu du: "Ume guztiak joaten ginen, eta guretzako, jai egun bat zen".

Oroitzapen guztiak, baina, ez dira gozoak. Buruan du, esaterako, jaioterrian pasatako azken udan hondeatzaile bat sartu zela eta herriko eliza dotorea eraitsi zutela: "Barruan zeuden elementu batzuk inguruko elizetan daude egun; erretaula, adibidez, Abetxukun dago. Pasarte horrek hunkitu ninduen, eskola eraitsi zutenekoa baino gehiago", esan du Ugaldek.

"Eliza bota zutenean hunkitu nintzen, eskola eraitsi zutenean baino gehiago"

Horrez gain, gogoan du, behin herria hustu eta hasierako urteetan, jendea eraikinetako teila eta harrien bila joaten zela txalupa batean, eta horietako batean, ontzia urperatu egin zela eta bi lagunek galdu zutela bizia. Denborarekin, etxeak jausi egin ziren, eta, gaur egun, sastrakez beteta dago guztia.

Historiaren zati hori gogoratzea garrantzitsua dela uste du Ugaldek: "Badago jendea, gehiago sufritu duelako edo, orrialdea pasatu eta ez duela garai hori gogoratu nahi. Ni, baina, kontrakoa naiz. Uste dut ezin dela ahanzturan geratu, ezagutarazi behar dela eta horren alde egin dut. Begi onez ikusten dut panel informatiboak jartzearen ekimena, eta baita gazteei zuzendutako unitate didaktikoak ere. Historia ezin da ahaztu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago