"Oso txarto pasa genuen, gehienbat gurasoek". Gogoan du, gainera, garai hartan amama gaixorik zegoela eta idien gurdi gainean koltxoi bat bota eta horrela eraman behar izan zutela Garaiotik Ozetara: "Horrelako baldintzetan eraman behar izan genuen; oso gogorra izan zen. Bestalde, Gasteizera joan beharrean, Ozetara joan ginen amama bertakoa zelako eta jaioterrira itzuli nahi zuelako, eta han ere nekazariak izaten jarraitu genuen".
Urtegia eraikitzean, Garaio hustu bazuten ere, urak ez zituen etxebizitzak hartu, eta hortaz, bertan jarraitzeko aukera izango zutela uste du. "Orain gutxira arte, amaren lehengusu batzuk bertan bizi izan dira. Agintariek nahi izan balute, gu ere Garaion bizitzen jarrai genezakeen, baina antolakuntza oso txarra izan zen", gaineratu du Beltran de Gebarak.
"Agintariek nahi izan balute, gu ere Garaion bizitzen jarrai genezakeen, baina antolakuntza oso txarra izan zen"
Jaioterrian bizi izandakoaren oroitzapen onak baino ez ditu: "Gure etxean ez genuen argindarrik, ezta urik ere, baina oso zoriontsuak ginen". Horrekin batera, bertako bizilagunek zuten harreman berezia ere azpimarratu nahi izan du Beltran de Gebarak: "Oso herri txikia zen, oker ez banago bederatzi bakarrik bizi ginen han, eta genuen harremana oso berezia zen; familia bat bezalakoa ginen. Beti bata besteari laguntzeko prest", gogoratu du.
Garaio uztean, batzuk Gasteizera lekualdatu behar izan ziren; Beltran de Gebara eta Eraña familiek, berriz, Ozeta aukeratu zuten. "Harremana izaten jarraitzen dugu", esan du. Are gehiago, azaldu du urtero, irailean, Garaion bertan garai hartako herritarrak elkartzen direla festak ospatzeko: "Bertako larreetan meza eta musika izaten dugu. Aurten, pandemiagatik ezin izan dugu egin, baina datorren urtean, ez dugu hutsik egingo", adierazi du.
"Aurten, pandemiagatik ezin izan dugu egin, baina datorren urtean, ez dugu hutsik egingo"
Bestalde, pozik agertu da inguruneko memoria berreskuratzeko martxan jarritako ekimenekin. "Oso pozgarria da. Asko sufritu genuen eta bizitakoa ezin dugu ahaztu eta ez dugu ahaztu nahi ere", nabarmendu du Beltran de Gebarak.