Autonomoentzako mailegu-lerro berezia luzatu dute Vital Fundazioak eta Kutxabankek

Erredakzioa 2020ko eka. 9a, 08:26

Mailegu-lerroaren ekarpena 2,8 milioi eurora arte zabalduko dute. / Daniel Friesenecker

Vital Fundazioak eta Kutxabankek 3 milioi euro inguru mugiaraziko dituzte Arabako autonomoen artean.

Astelehenetik aurrera, koronabirusaren krisiak kaltetutako autonomoei eskainitako maileguen lerro berezia luzatuko dute Kutxabankek eta Vital Fundazioak, Arabako profesionalen eskari handiak maiatzean abiatutako finantzazio-eskaintza berezi hau bost egunetan agortu ostean.

Hasierako ekarpena 2,8 milioi eurora arte zabalduko da, abantailak eskuratzeko hasieran jarritako baldintzak bere horretan mantenduz. Honela, Vital Fundazioak guztira 300.000 euro ipiniko ditu, eta, horiei esker, profesionalak %1eko ITN lehentasunezko interes-tasaz baliatuko dira.

Kanpaina Arabako lurralde historikoan bizi diren autonomoei zuzenduta dago, beraien jarduera profesionalari pandemiak eragin baldin badio.

Maileguak aurrez onartutakoen formularen arabera emango dira. Mailegu horien ezaugarri nagusia da oso arin eta erraz formalizatzen direla, izapide luzeak alde batera utzita. Hau da, Kutxabanken aldez aurretik onartutako kreditua duten profesional autonomoek 6.000 eurorainoko mailegua hartu ahal izango dute berehala, inolako dokumentazio edo agiririk aurkeztu beharrik gabe. Horien eskuragarritasuna Online Bankan eta kutxazain automatikoetan kontsultatu ahal izango dute

Amortizazio-epea 60 hilabeterainokoa izan daiteke, irekiera gastu barik. Finantza-produktu hori Kutxabanken bulego-sarean bakarrik kontratatu ahal izango da.

Beste neurriak

Horrez gain, Vital Fundazioak laguntzen deialdi berezia egin du, milioi bat euroko zuzkidurarekin, Arabako Lurralde Historikoan egingo diren irabazi-asmorik gabeko ekimenak babesteko, pandemiak sortutako egoerari zuzenean erantzuteko asmoarekin.

Gainera, Vital Fundazioaren BIZIdendak bonuek 340.000 euroko ekarpena egin diete Arabako 456 saltokiri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago