'BIZIdendak' bonuen kanpaina ekainaren 1era arte luzatu du Vital Fundazioak

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 14:30

Establezimendu ugarik bat egin dute 'BIZIdendak' kanpainarekin. / ZULOA IRUDIA

Vital Fundazioak luzatu egin du BIZIdendak bonuak erosteko epealdia, eskari handiaren ondorioz. Covid-19aren pandemiak eragindako krisian, Araba osoko tokiko dendei laguntzeko helburua du kanpainak.

Interesatuek ekainaren 1era arte eros ditzakete bonuak BIZIdendak webgunean, ondoren, 2020ko abenduaren 31ra arte, saltokietan zein ostalaritza establezimenduetan, eta erosketetan zein kontsumizioetan nahi bezala trukatzeko.

Ekimenak 200.000 eurotik gorako likidezia injekzioa eragin du dagoeneko tokiko merkataritzan. Gainera, behar izanez gero, kanpainaren aurrekontua handitzeko asmoa azaldu du Vital Fundazioak. Orain arte, bonuen erdia baino gehiago saldu dira.

Txikia oso handia da kanpainaren barruan, 30 euroko 10.000 bonu jarri dituzte zirkulazioan, eta Vital Fundazioak 10na euro gehituko die horiei; horrez gain, 15 euroko 5.000 bonu ere atera dituzte, eta horiei 5na euro gehituko dizkie.

Pertsona bakoitzak, gehienez ere, mota bakoitzeko bonu bat eros dezake, eta batera edo banaka gastatu kanpainari atxiki zaion tokiko edozein establezimendutan: zapata-dendak, arropa-dendak, ile-apaindegiak, tabernak, jatetxeak, liburu-dendak eta lurrin-dendak daude, besteak beste.

Bezeroek hautatutako saltoki edo ostalaritza establezimendu bakoitzak egun gutxiren buruan jasoko du egindako erosketa aurreratuaren diru-sarrera.

Tokiko merkataritza eta ostalaritza

Aenkomer, Gasteiz On, Araba Dendak eta SEA Ostalaritzaren babesa duen BIZIdendak kanpainaren helburua txikizkako merkataritzari eta tokiko ostalaritzari laguntzea da: "Enplegua eta aberastasuna sortzen baitute Araban, eta ahultasun handia bizi dute une honetan", azaldu du Vital Fundazioak.

Araban, 10.500 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute sektorea osatzen duten 3.122 establezimenduetan.

Kanpainaren bat egiteko aukera

Kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek ere BIZIdendak webgunearen bitartez atxikitzeko aukera dute. Parte hartzeko baldintza bakarrak honako hauek dira: osasun larrialdi egoera dela eta itxita egotea edo egon izana, 24 langile baino gehiago ez izatea, eta urteko negozio-bolumena 5 milioi eurotik beherakoa izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago