Martxan da Ikusgune, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokia

Erredakzioa 2019ko abe. 17a, 10:00

Ikusgune, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiaren aurkezpena. / Argazkia: Ikusgune

Behatokiaren ikusgune.eus webgunean eraso LGTBI+fobiko baten aurrean zer egin azaldu eta salaketa online jartzeko aukera ireki dute, Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuaren laguntzarekin.

"Ez da salaketa judiziala izango", argitu dute agerraldian Bizikidetza eta Aniztasuna eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Aldak, Ikusguneko Amets Martinez de Hereditak eta  Funtsak komunikazio enpresako zuzendari kreatibo Unai Maleskik,.

Helburu nagusia gertakaria erregistratzea, aztertzea eta eragiteko aukerak aztertzea izango dela azaldu dute. Baita babesa eta laguntza izateko bitartekoa ere.

Izena aukeratzeko bi hitz elkartu dituzte: "Ikus, ikusteko gaudelako hemen, LGTBI+ herritarren bazterketak ikusi eta salatzeko gaude, eta horretarako ortzadarraren betaurrekoak jantzi beharko ditugu kaleetan, lantokietan, aisialdian… eta hainbat eremutan ematen diren bazterketak ikusi eta ikustarazteko", azaldu dute.

Bestalde, "gune" hitzak Gasteizko LGTBI+ herritarren gune bat sortzeari egiten dio erreferentzia, azaldu duten bezala: "Gune birtuala eta gune fisikoa, interneten zein kaleetan eragina izango duena".

Ibilbide luzea

Lumagorri heterosexismoaren aurkako taldeak eta Gasteizko Udalak maiatzean sinatu zuten LGTBI+fobiaren aurkako tokiko behatokia martxan jartzeko hitzarmena. Ordutik, protokoloak zehazten eta baliabide berriak sortzen aritu dira.

Duela hamabi urte, erasoen berri izateko telefono bat martxan jarri zuen Gasteizko LGTBI+ mugimenduak. Azken urteetan bertan jasotzen zituzten gertakariak zenbatzen eta plazaratzen hasi dira, Udaleko Berdintasun zerbitzuarekin elkarlanean.

2017ko maiatzetik 2018 apirilera, hamabost erasoen berri izan zuten. 2018 maiatzetik 2019ko apirilera, hamahiru gertakari jaso zituzten. Eta urte honetako apiriletik aurrera, 2017ko datuak gainditu direla azaldu dute, kezkatuta: zortzi hilabetetan hamasei erasoren berri izan dituzte.

Gainera, azken denboraldiko erasoetan "ultraeskuinaren oihartzunaren eta zilegitasunaren" eragina antzeman dutela adierazi dute behatokiaren sustatzaileek.

Udalarekin sinatutako hitzarmenak gaiari "baliabide gehiagorekin eustea" ahalbidetu duela ziurtatu dute aurkezpenean. Horrela, erasoak erregistratzeko, pertsona erasotuak laguntzeko, erasoen aurrean ahalduntzea bultzatzeko edota informazioa banatzeko aukera izan dutela azaldu dute.

Azken hilabeteetan egindako lanaren ostean, LGTBI+ kolektiboak behatokiaren berri izan duela eta haiengana hurbiltzen hasi dela ondorioztatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago