Osasun krisiaren hasieran irailean hasiko zela aurreikusi zuten, baina Foru Ogasunak ekainaren 16ra aurreratu du jendea hartzeko aldiaren hasiera, eta kanpaina urriaren 28an bukatuko da. Hartara, egunean gehienez ere 500 pertsonari emango zaio arreta; aurreko urteetan, batez beste 1.300 pertsona hurbiltzen ziren egunero.
Ekainean eta uztailean, Guardiako, Laudioko eta Gasteizko bulegoetan, goizez emango zaie arreta aitorpena egin behar duten arabarrei; irailean eta urrian, ordea, goizez eta arratsaldez. Aitorpena egiteko hitzordua aldez aurretik eskatu behar da 900 111 203 doako telefonoan, eta Rentafacil aitorpena aldatzeko, 900 111 202 telefonoan. Ekainaren 8tik aurrera hartuko dira deiak.
Kutsatzeak saihesteko segurtasun neurri espezifikoak hartuko direla azaldu du Aldundiak: errenta kanpainarako berariazko ate bat, sartzeko eta irteteko noranzko bana, eta hitzordura banaka joan beharra; hori bai, mendekotasunen bat duten pertsonak beste norbaitekin joateko aukera dute. Gainera, pantailak egongo dira langileen eta zergadunen artean, eta maskarak derrigorrezkoak izango dira.
Aitorpen telematikoa
Dena den, gaur egungo egoeran ere, aitorpena telematikoki egitea gomendatu du Aldundiak. Hori dela eta, Foru Ogasunak telefono zenbaki berezi bat prestatu du (945 18 15 43) aitorpena Internet bidez egin nahi duten zergadunen zalantzak argitzeko. Izan ere, dagoeneko 6.500 zergadunek online aitorpena egin dute; aurreko kanpainan modu horretan egin zuen pertsona kopuruaren hirukoitza.
Guztira, dagoeneko 68,7 milioi euro itzuli zaizkie aitorpen negatiboa izan duten zergadunei. Aitorpen positiboei dagokienez, ordainketak azaroaren 20ra arte atzeratzeko konpromisoari eutsi egingo dio Foru Ogasunak.