Foru Gobernu Kontseiluak Zerga Premiazko Araugintza Dekretua onetsi du, enplegua sustatzeko eta autonomoen, ETEen zein mikroenpresen jarduera jarraitzeko helburuarekin. Dekretuak jasotzen dituen zerga neurri berrien eragin ekonomikoa 55,8 milioi euro baino gehiagokoa izango dela aurreikusi du Aldundiak. Onetsitako neurriak maiatzaren 26an aurkeztutako A Planaren parte dira.
Sozietateen gaineko zerga
Aldaketak egongo dira sozietateen gaineko zergan: ETEek eta mikroenpresek mugarik gabe konpentsatu ahal izango dituzte zerga oinarri negatiboak; aurreikusi den ekonomia inpaktua 3,9 milioi eurokoa da. Gainera, konturako ordainketarik ez egiteko aukera izango dute, baldin eta 2020ko fakturazioa %25 jaisten bada aurreko urtearekin alderatuz; 11 milioi euroko eragin ekonomikoa aurreikusi dute.
Gastu kenkarien mugak ere malgutuko dira mikroenpresen kasuan (900.000 euro), eta nabarmen hobetuko dira enplegua sortzearen ondoriozko kenkariak, muga 7.500 euro arte igoko baita.
Bestelako neurri batzuk ere jasotzen ditu dekretuak: ezohiko amortizazio azeleratua; garbiketa eta desinfekzio materiala eta osasun segurtasuna bermatzeko beste elementu batzuk erostearen ondoriozko kenkaria, baita inbertsioen ondoriozko kenkari gehiago ere.
Neurri multzoaren barruan, sozietateen gaineko zerga ordaintzeko egutegi berria ere jasotzen da, eta 39,2 milioi euro aurreratuko zaizkio Arabako ekonomia ehunari. "Likidezia hori, egun, behar-beharrezkoa da enpresa txiki askorentzat aurrera ateratzeko", esan du Ramiro Gonzalezek.
Errentaren gaineko zerga
PFEZean ere ezohiko kenkariak ere egongo dira, mikroenpresetan edo enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik. Gainera, neurri bereziak egongo dira ardoa egiten duten eta nekazaritzan, abeltzaintzan edo arrantzan jarduten diren enpresentzat; 400.000 euro inguru izango dira lehenengo sektorearentzat.
Horrez gain, dekretuak hobetu egingo ditu zerga abantailak gizarte eta osasun, ingurumen, kultura, kirol eta gizarte sektoreei eginiko dohaintzetarako, %35 arteko kenkariak egongo baitira, 400.000 euroko ekonomia inpaktuarekin.
Epe laburrerako zorra
Foru Gobernu Kontseiluak foru arau proiektu bat ere onetsi du, epe laburrerako foru zorra handitzeko, zeina urte honetan bertan amortizatuko baita. Egun, aukera hori mugatuta dago ohiko diru sarreren %10era. Horregatik, Aldundiaren Gobernuak araua malgutzearen alde egin du, eta muga hori kendu, zerga neurriei aurre egiteko.