Koronabirusa

Jaiak berrasmatzeari ekingo diote hainbat auzotako jai batzordeek

Erredakzioa 2020ko mai. 7a, 17:30

Hamar auzoko jai batzordeek ohar bateratua plazaratu dute. / ALEA

Ohar bateratua plazaratu dute Gasteizko hainbat auzotako jai batzordeek, eta jaiak egoera berrira moldatuko direla iragarri dute. "Orain arte ezagutu gabeko formatu berriak" berrasmatzeko auzokideen eta erakundeen laguntza eskatu dute.

Hamar auzo gasteiztarren jai batzordeek aurtengo jaiak "modu batean edo bestean" aurrera ateratzea adostu dute, modu presentzialean edo ohiko formatuan ez bada ere: Txagorritxu, Adurtza, Arana, Judimendi, Arriaga (Bost Urki Auzo Elkartea), Alde Zaharra (Zaharraz Harro), Salburua, Zabalgana, Zaramaga eta San Kristobal.

Krisi sozio-sanitarioaren aurrean "arduraz jokatzeko" asmoarekin, eta "pertsonen osasuna bermatzeko" baldintzak izan arte, jai batzorde bakoitzak erabakiko du zein izango den bere auzoko jaien "formatu berria", dataren eta baldintzen arabera.

"Egoera lazgarri hau doluz bizi edo lehenengo pertsonan sufritzen ari diren" pertsonei babesa adierazteko aprobetxatu dute jai batzordeek, baita "egunero haien bizitza arriskuan jartzen duten langileei" eta zaintza sareetan antolatu diren bizilagunei ere.

Auzoetako ehun ekonomikoa

Jaiak ohiko formatuan ez ospatzeko erabakiak auzoetako ehun ekonomikoan zein jaietan parte hartzen duten herri mugimenduko adierazpen ezberdinetan eraginda izango duela onartu dute. Zentzu horretan, komertzio txikia bultzatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute, eta sor daitezkeen dinamika herritarretan "aletxoa" jartzera komprometitu dira.

Horrez gain, "baimen, dirulaguntza edota beste edozein tramite burokratikotan malgutasuna" eskatu diote Udalari. Izan ere, Gasteizko herri mugimendua hiriko nortasunaren ezaugarri "garrantzitsuenetako bat" dela uste dute, eta herritarren zein erakundeen inplikazioa "inoiz baino beharrezkoagoa" izango dela diote.

Beraz, Gasteizko bizilagunak zabaltzen joango diren deialdietara batzera eta hauetaz disfrutatzera gonbidatu dituzte; gainera, antolakuntzaren parte izatera animatu dituzte: "Denon artean baino ez diogu aurre egingo egungo egoerari".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago