Ziurgabetasuna nagusi lehen fase mugatuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mai. 15a, 09:00

Joana Molinuevo da Astulezko Montehermoso baserriko jabea. E.U.

Aurreikusitakoaren kontra, deseskalatzearen lehen fasean udalerrien arteko joan-etorriak mugatu ditu Eusko Jaurlaritzak; eta erabakiak nahasmendua eta ezinegona eragin ditu zenbait sektoretan, tartean landetxeetan. Gainera, terrazetan bezero-pilaketen polemikarekin abiatu da fase berezia Gasteizen.

Kaiolan dagoen kanarioa bezala, alpistea noiz emango zain. Ziurgabetasun berdinaren pean eduki dituzte Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek herritarrak "normalitate berriaren" lehen fasearen atarian. Sanchezen gobernuak zein erkidego sartuko zen lehen fasean eta zein ez argitu zuen ostiralean,  lurraldeen arteko lehiaketa itxura hartu zuen agerraldi batean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehen fasean sartu zituzten, baina Madrilek emandako irizpideak murriztu zituen orduan Urkulluren gobernuak, udalerrien arteko joan-etorriak mugatuz. Ordutik kontraesankorrak izan dira Eusko Jaurlaritzaren hainbat sailburuk egindako adierazpenak, Ertzaintzak zabaldutako irizpideak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) argitaratutako agindua eta hedabideek kaleratutako gobernuen filtrazioak.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiak zabaldutako nahasmenduak kaltetuak utzi ditu bidean. Arabako landetxeak daude horien artean. Izan ere, ateak irekitzeko asmoa zuten hainbatek maiatzaren 11tik aurrera, nahiz eta soilik herrialdeko bisitariak hartu. Alta, Jaurlaritzaren azken orduko erabakiaren ostean, soilik udalerrikoak jasotzeko zabaldu ahalko dute lehen fase honetan, eta denboraldia hasteko asmoak zapuztu dizkie murrizketak.

"Shock bat izan da; aste honetan nituen hiru erreserbak bertan behera utzi ditut"

Joana Molinuevo Astulezko Montehermoso baserriko jabeak ALEAri azaldu dio zentzurik ez duela baserria zabaltzea soilik Gaubeako herritarrentzat. Hiru erreserba zituen Molinuevok aste honetan. Gasteiztik joan behar ziren lagunak herri txikian dauden apartamentuetan oporrak igarotzera eta inguruko naturaz eta kirolaz gozatzera. Azken orduan bertan behera geratu dira erreserbak. 

"Shock bat izan da –esan du Molinuevok–. Asteartean jaso behar genituen lehen bezeroak, uste genuelako herrialde barruan mugitu ahal izango ginela; baina larunbatean hots egin zidan apartamentu bat alokatuta zuen Gasteizko bezero batek esanez politikoak ari zirela esaten ezingo zela udalerritik atera. Ezetz erantzun nion, ez zela posible, baina egunkariak irakurtzen hasi nintzen eta konturatu nintzen baietz; eta aste honetan nituen hiru erreserbak bertan behera utzi ditut". 

"Ezin da horrela ibili, negozioek aurreikuspenez jokatu behar dugu"

Landetxeek ez dute irizpide aldaketaren berri izan, ez lehen eta ez orain. "Ni ez nago Nekaturren, baina badakit ez zekitela ezer, Añanako turismo foroan gaudenon artean inork ez zekien ezer, ezta turismo bulegoetako arduradunek ere". Ezinegon handia eragin du azken orduko Jaurlaritzaren erabakiak landetxeen artean. "Ezin da horrela ibili –esan du Molinuevok–. Ez dut baloratuko zergatik hartu duten erabaki hori, uste dut guztiok dakigula gutxi gorabehera, baina kontuan izan beharko lukete negozioak itxita gaudela aspaldi, eta gauzak beste modu batean egin behar dira, aurreikuspenez jokatu behar da".

Higiene neurri zorrotzak

Landetxea berriro irekitzeko dataren inguruan gehiegi pentsatu nahi ez badu ere, Molinuevo etorkizunera begira prestatzen ari da negozioa. Momentuz agindu zehatzik ez dago, bete beharreko legerik ez, baina EAEko administrazioa hainbat irizpide eta protokolo zabaltzen ari da ostatuen jabeen artean. Hala, higiene neurri oso zorrotzak ezarriko direla aurreratu diete. Etxeen garbiketak oso sakonak izan beharko dira aurrerantzean; zuntzak, maindireak edo baxerak desinfektatu beharko dituzte, horretarako protokolo zehatzak ezarriz. Halaber, bezeroen artean 24 orduko berrogeialdia egitea gomendatu diete, oso garrantzitsua delako gelak aireztatzea. "Askoz lan gehiago izango dugu, eta bezeroek hori ulertu beharko dute, etxera sartzeko eta ateratzeko ordutegietan, esate baterako. Hori guztia azaldu beharko diogu jendeari", esan du gaubearrak. Gainera, denbora luze batean –urtebete edo urte eta erdi– modu horretan lan egitera ohitu beharko direla ohartarazi die administrazioak.

Terrazak gainezka Gasteizen

Mugikortasunean zer egin daitekeen jakitea zaila izan bada ere, argi geratu da lehen momentutik tabernetako terrazak okupatzeko baimena zegoela. Hala, hainbat auzotan eta herritan ostalariek mahaiak eta aulkiak atondu dituzte kanpoaldean. Alta, Gasteiz On elkartearen inkesta baten arabera, hiriburuan tabernen %85ak irekiera maiatzaren 25era arte atzeratzea erabaki du, edukiera %50ean jarrita ekonomikoki ez delako bideragarria.

Beraz, taberna gutxi eta bezero asko lehen egunetan, eta kasu batzutan jende gehiegi terrazetan eta urruntze arauak errespetatu gabe. Zalaparta handia sortu dute zenbait taberna inguruan ikusitako irudiek, eta horren aurrean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek "oso kezkagarritzat" jo ditu lehen egunean gertatu ziren urraketa horiek. Iragarri duenez, udaltzainek "kontrol zorrotzak" egingo dituzte, eta etxe berean bizi ez direnek bi metroko tartea aintzat hartzen ez badute, ertzainen eta udaltzainen isuna jasoko dutela ohartarazi du gainera

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago