Ostegun arratsaldeko azken orduan, akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzak Aldundiekin, hiru hiriburuetako alkateekin eta Eudelekin. Sinatutako dokumentuak hiri, herri zein auzoetako jaiak ospatzeko aukera zabalik uzten du -tartean Gasteizkoak-, baina ezohiko formatuan egingo liratekeela onartzen du.
Bestalde, ekainaren 1etik aurrera, museoak, kultur etxeak, liburutegiak, irakurketa-aretoak eta zinema aretoak ireki ahal izango dira, eta, "pixkanaka", kultur ekitaldiak hasiko dira, betiere segurtasun-baldintzetan; irizpideak pandemiaren bilakaeraren arabera eguneratzen joango dira.
Proposamenak Osasun Sailaren oniritzia behar du oraindik, eta astelehenean dokumentuaren behin betiko bertsioa prest egongo dela aurreratu dute. Gainera, udal bakoitzaren esku geratu dira ekitaldiak baldintzatuko dituzten protokolo eta neurriei buruzko erabakiak.
Hala ere, "normaltasun berria" lortzeko Espainiako Gobernuaren planaren arabera, ekitaldiak ekainaren 8tik aurrera egin ahal izango dira, baldintza zehatz batzuekin: aire zabalean, segurtasun-distantzia errespetatuz, eserita, eta gehienez 200 pertsonako aforoarekin.
Ekitaldiak airean
Une honetan, udan zehar Gasteizen ospatzekoak diren hainbat ekitaldik airean jarraitzen dute: besteak beste, La Pollaren kontzertua -ekainaren 13an-, Azkena Rock Festival -ekainaren 19an eta 20an-, edota Jazzaldia -uztailaren 13tik 18ra-. Oraingoz ez dira bertan behera geratu, beste ekitaldi askorekin gertatu den bezala, baina zalantza handia dago hauek egin ahal izateko aukeraren inguruan.
Bestalde, atzo bertan jakin genuen jaiak berrasmatzeari ekingo diotela Gasteizko hamar auzotako jai batzordeek, "orain arte ezagutu gabeko formatu berriekin". Oraingoz, Gasteizen bertan behera geratu diren ekitaldien artean daude Ironman eta Kaldearte.