Langilearen Eguna

Ezohiko Maiatzaren Lehena Araban: kotxe karabanak eta aldarriak leihoetan

Erredakzioa 2020ko mai. 1a, 12:09

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren erdian ospatu dute sindikatuek Langilearen Nazioarteko Eguna. Euskal gehiengo sindikalak ikur bateratua eraman du leihoetara, eta LAB sindikatuak hiru kotxe karabana antolatu ditu Araban.

Ekinaldi desberdinak antolatu badituzte ere, mezu bateratua eraman du euskal gehiengo sindikalak Langilearen Nazioarteko Egunean. Ostadarra duen ikurra leiho eta balkoietan zintzilikatzeko deia egin diete herritarrei, "langileen indarra eta aldarrikapena ikusarazteko".

Hala ere, ezohiko egoerak guztiz baldintzatu du aurten kalean mobilizatzeko aukera, eta aldarrikapen birtualak izango dira nagusi, egunean zehar.

ELA: Bizitza Gara

ELA sindikatuko kideek #BizitzaGara traola erabili dute Maiatzaren Lehena goiz-goizetik eta etxetik aldarrikatzeko, gehiengo sindikalaren ikur bateratuak lagunduta.

12:00etan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak bideo baten bidez zabaldu du sindikatuaren mezua.

 

LAB: Bizitzak erdigunera

Bizitza erdigunera, gure lanak mundua eraldatzen du lelopean, mobilizazio ibiltariak, streaming bidezko emisioa, ekitaldi nagusia eta etxeetako elkartasun keinuak antolatu ditu LAB sindikatuak ezohiko Langilearen Egunerako.

Eguna hasteko, 10:00etan hiru kotxe karabana egin ditu LABek, Gasteizen, Laudion eta Amurrion. 11:30etik aurrera, streaming bidezko proiekzioak eta solasaldiak egongo dira arratsaldera arte, LAB sindikatuaren YouTube kanalaren bitartez.

Goizeko egitaraua 12:30ean borobildu dute, sindikatuaren ekitaldi nagusiarekin; bertan hitza hartu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, besteak beste.

 

ESK eta STEILAS: mahai-inguru bateratua

Bi sindikatuek modu bateratuan ospatu dute aurtengo Maiatzaren Lehena, eta Kapitala VS Bizitza leloarekin laburbildu dute euren aldarrikapena: "Sistema honek eskaintzen digun bizitzan heriotzaren aurrean errotiko paradigma aldaketak baino ez digu balio", adierazi dute iritzi artikulu bateratu batean.

Horrez gain, ekitaldi nagusi gisa internet bidez ikusi ahal izango den mahai-inguru bat antolatu dute 12:00etan, 'Konfinamenduan bizia ereiten' izenburupean.

CCOO eta UGT: manifestazio birtuala

Bestalde, CCOOk eta UGTk "manifestazio birtuala" deitu dute Langilearen Nazioarteko Egunerako, aldarrikapen eta lelo bateratuarekin: Lana eta zerbitzu publikoak. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat beharrezkoa da.

Eguerdian, funtsezko sektoreetako langileei omenaldia egingo diete, eta sektore horietako langile batzuen testigantzak jasoko dituzte. Bere idazkari nagusi konfederalen hitzaldiak jarraituko dituzte ondoren, eta goiza "manifestazio birtual batekin" amaituko du.

Arratsaldean, 17.00etatik aurrera, kontzertuak eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte internet bidez, eta 20:00etan amaituko dira, osasun arloko eta funtsezko sektoreetako langileei txalo zaparradrekin batera.

Erlazionatuak

Maiatzaren Lehena, elkartuta

Erredakzioa 2020 mai 01 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago