Langilearen Eguna

Maiatzaren Lehena, elkartuta

Erredakzioa 2020ko mai. 1a, 07:55

'Koloreztatu dezagun Maiatzaren Lehena' tutoriala egin dute. / ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde

Ekinaldi desberdinak antolatu badituzte ere, mezu bateratua eramango du euskal gehiengo sindikalak Langilearen Nazioarteko Egunean; "bizitzak erdigunean" jartzeko deia egingo dute maiatzaren 1ean.

Ohikoa ez bada ere, irudi komun bat izango du aurten euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) Maiatzaren Lehenean.

Ostadarra duen ikurra leiho eta balkoietan zintzilikatzeko deia egin diete herritarrei, "langileen indarra eta aldarrikapena ikusarazteko". Sindikatuen ustez, "salbuespen egoera honek" ahots komun bat behar du, eta irudi horrek elkartuko ditu; egunean zehar, ordea, Internet bidez zabalduko diren ekinaldi desberdinak izango ditu sindikatu bakoitzak.

Ostiraleko aldarrikapena "modu koloretsu" batean egin nahi dutela ohartarazi dute sindikatuek. "Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa".

Ikur bateratua adostu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek.

 

Klase borroka "inoiz baino ageriago"

Hala, oinarrizko zerbitzuetan lehen lerroan ari direnen lana aitortzeko, osasungintzako hainbat langilek lagunduta egin du agerraldia LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: "Hauek lehen pertsonan ari dira jasaten azken urteotako zerbitzu publikoen murrizketa, pribatizazio eta merkantilizazio politikaren ondorioak". Aitortza egin die oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren pertsona guztiei, zaintzaren arloan edo sektore feminizatuetan, "beharrezkoa den babes politiko, ekonomiko edo sozialik gabe eta erabateko prekarietatean" lanean direnei.

"Egunero ematen diren txaloez harago" egiteko konpromisoa dutela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta salaketak egiten jarraituko dutela lan baldintza duinak bermatzeko: "Behin baino gehiagotan salatu dugu langileak ez direla ari lanean beharrezko prebentzio neurriekin, eta honezkero 4 dira Covid 19-aren ondorioz hildako langileak".

Krisi honek klase borroka "inoiz baino ageriago" utzi du, haren esanetan: "Koronabirusak denon osasunean eragiten du, baina azken urteetako austeritate politikek ez digute denoi berdin eragin. Ez da gauza bera konfinamendua lorategia duen etxe batean igarotzea edo leihorik gabeko pisu batean. Ez da gauza bera lanpostua galdu duenarentzat edo prekarietate egoeran dagoenarentzat".

Osasun krisiaren ostean "normaltasun berri bati" egin beharko zaio aurre, LABeko idazkari nagusiaren arabera, eta "bizitza erdigunean" duen eredu alternatiboa aldarrikatuko dutela. Eredu alternatibo horrek bost oinarri hauek izan behar ditu, Aranbururen arabera: "Zerbitzu publiko indartsu bat, osasun eta zaintza sistema publikoarekin; enpleguaren bermea eta babes sozialerako sistema duin bat; produkzio eta kontsumo ereduaren aldaketa; bidezko politika fiskal bat; eta eredu berriaren erabakia Euskal Herrian bertan hartzea".

 

"Erantzun kolektiboa"

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren arabera, osasun krisiak "kapitalismoaren porrota" agerian utzi du, eta hori nabarmenduko dute Langilearen Nazioarteko Egunean. Gainera, "erantzun kolektiboaren" beharra azpimarratuko dute.

"Aldaketa handiak behar ditugu: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak izan; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; gure ekonomia lurraldean errotu, globalizazioaren aurka… Justiziarako eta iraunkortasunerako bide bakarra dago: trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea. Horretarako, gure ondasunik handienak ditugu mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean agertzen dugun indarra. Horretarako prestatzea badago gure esku".

Maiatzaren Lehena "kaleak hartu ezinik" iritsiko bada ere, "erasoei aurre egiteko konpromisoa" are sendoagoa izango dela nabarmendu du Lakuntzak.

Langileen bizitza, "lehentasuna"

Horrez gain, euskal gehiengo sindikalak indarrak batu ditu aurtengo Lan Osasunaren Nazioarteko Egunari begira. Apirilaren 28a izan da salaketa eguna, baina Araban bezperan hasi ziren lantokiz lantokiko mobilizazioekin, San Prudentzioko jai eguna dela eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago