Langilearen Eguna

Garaiak aldatzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Felix Irizar Prieto (ESK) eta Jone Gibelalde Iribas (STEILAS) 2020ko mai. 1a, 08:53

Maiatzaren 1ean, leihora joko dugu (gure erantzukizun sozialak atzeratu egiten du, oraingoz, kale eta plazak gureganatzea), mundu berri bat ikuspegi feministatik eta naturarekiko errespetutik sortzeko uste sendoarekin.

Egunero leihotik begiratzen dugu, eta inoiz ezagutu gabeko egoera eta garai bati begiratzen diogu. Zaila da heriotzaren aurrean eta ezezagunaren aurrean izaki zaurgarri gisa kokatzea. Hori dela eta, pandemiak kaltetuak eta zigortuak izan direnei, bereziki gu zaintzeagatik, lan egiteagatik eta gure bizitza zaintzeaz arduratu diren langileei gure esker ona eta agurra egin nahi diegu.

Baina, era berean, langile gisa kokatu behar dugu gure burua; kapitala, pandemia aprobetxatuz eta indarrez, saiatuko baita sorturiko kalteak betikook ordain ditzagun. Eta gure klase-indarraz baliatu behar gara kapitalak eta haren gobernu txotxongiloek inposatu nahi digutenari aurre egiteko; gure leihoetatik begira genezakeen egun hobea eraikitzeko.

"Kapitala, pandemia aprobetxatuz eta indarrez, sorturiko kalteak betikook ordain ditzagun saiatuko da"

Covid-19ak eragindako pandemiak goiz goibel eta ilunera eraman gaitu. Murrizketen, gobernuen eta kapitalek ondasun publikoen pribatizazioaren eta espoliazioaren aldeko apustuaren, lanak eta bizitzak prekarizatzeko apustuaren, ikusarazi nahi diguten bezain etorkizun zalantzagarrira kondenatzen gaituen apustuaren aurreko egunsenti iragarlea.

Baina bizitza nagusitzen da, natura nagusitzen da, nahiz eta, inguruabarrez baliatuz, udaberria suntsitzen saiatu. Eta indar horrekin inposatu behar da klase-arrazoia, ahaztutako pertsonena, funtsezkoena.

Ahaleginak batzeko unea da, gehiengoak batzeko unea, pertsonen beharrak etekinen aurretik jarriko dituzten gehiengoak batzeko unea, bizitza kapitalaren interesen aurretik jartzeko unea.

"Pertsonen beharrak etekinen aurretik jarriko dituzten gehiengoak batzeko unea da"

Bada garaia osasuna eta hezkuntza publiko eta unibertsalak defendatzeko, etorkizunean interes orokorreko ezinbesteko ondasun gisa inbertitzeko. Zaintzak duintzea dagokigu, bai, lan horiek guztiak duintzea, ez baitira inoiz beren neurrian baloratu, eta funtsezkoak baitira. Premiazkoa da pertsonak lehenik kokatzea.

Eraiki dezagun elkarrekin gure balkoi eta leihoetatik ikusteko moduko etorkizuna. Lanpostu duinak izango dituen etorkizuna, bizitza duinak bermatuko dituzten formulekin, non prekarietatea eta bizi ez diren bizitzak iraganaren parte izango diren. Etorkizun horretan osasuna, hezkuntza, zaintzak eta baliabide naturalak eta ekonomikoak herritarren zerbitzura egongo dira, haien ongizaterako eta loraldirako. Azken batean, baztertutako pertsonarik gabeko etorkizuna eraikitzea.

Maiatzaren 1ean, leihora joko dugu (gure erantzukizun sozialak atzeratu egiten du, oraingoz, kale eta plazak gureganatzea), mundu berri bat ikuspegi feministatik eta naturarekiko errespetutik sortzeko uste sendoarekin. Mundu berri horretan, bizitza jasangarria izango da gure etorkizuna eraikitzeko oinarria.

"Sistema honek eskaintzen digun bizitzan heriotzaren aurrean errotiko paradigma aldaketak baino ez digu balio"

Maiatzaren 1ean ezabatuko ditugu beldurra eta inposizioa, militarren eta saloiko polizien desgobernua, balkoiko errepresioa... Gure lan- eta gizarte-eskubideak, gure bizitzak suntsitu nahi dituztenen aurka ozen eta argi hitz egingo dugu. Sistema honek eskaintzen digun bizitzan heriotzaren aurrean errotiko paradigma aldaketak baino ez digu balio.

Batu ditzagun indarrak, eraiki dezagun agenda, denborak gure alde egingo du elkarrekin arraunduz gero. Garaiz gabiltza: leihotik begiratzea atsegin dezagun.

Gora Maiatzaren Lehena.  Gora langileon borroka.

Felix Irizar Prietok (ESK sindikatuko Nazio Koordinakundeko kidea) eta Jone Gibelalde Iribasek (STEILAS sindikatuko Nazio Batzorde Iraunkorreko kidea) sinatu dute iritzi artikulua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago