Arabako abeltzainak otsoaren ehiza debekatzearen aurka agertu dira

Erredakzioa 2020ko mar. 2a, 11:20
Otsoa Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartu du Eusko Jaurlaritzak. / 3Dinaani (Pixabay)

Otsoaren erasoagatik kaltetutako abeltzainek txosten juridikoa aurkeztuko dute ehiza eteteko erabakiaren kontra.

Arabako Bajerro eta Gibijo mendilerroetako ehun bat abeltzainek agerraldia egin dute larunbat goizean Arabako Foru Aldundiaren aurrean, Probintzia plazan.

Gaiaren inguruan emandako "irudi desitxuratua" salatu dute, eta abeltzaintza estentsiboak Araban duen funtzio "ordezkaezina" defendatu dute.

Otsoak 131 animalia hil ditu azken urtean, Aldundiaren datuen arabera: horietako 109 ardiak izan dira, baina ahuntzek, behiek eta zaldiek ere erasoak jasan dituzte. Eraso hauen aurrean, otsoa ehizatzeko baimena eman zuen Aldundiak otsailean.

Handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak animalia hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzea erabaki zuen, eta horren ondorioz, ehiza baimentzeko erabakia bertan behera uztea erabaki zuen foru erakundeak, behin behinean.

Abeltzainek "hauteskunde interesari erantzuten dion inposizio" gisa definitu dute erabakia, eta Aldundiak bizkarra eman diela salatu dute. Otsoa Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan ez dagoela gogorarazi dute.

Arabako mendebaldeko mendilerroetara iristen diren otsoak Gaztela eta Leongoak direla diote abeltzainek, txosten teknikoetan oinarrituta. Azaldu dutenez, otsoen errolda %20 hazi zen 2001 eta 2014 urteen artean, eta, gainera, ale horien landa eremua 1.500 kilometro karratutik gorakoa izan daitekeela ohartarazi dute.

Aste honetan txosten juridiko bat aurkeztuko dute Aldundian, kontrol neurrien baimenaren etetea baliogabetzea eskatzeko. Halaber, Otsoa Kudeatzeko Planaren Jarraipenerako Batzorde Teknikoaren premiazko bilera ere eskatuko dute.

Ehun bat abeltzainek agerraldia egin dute larunbat goizean. / Gasteiz Hoy

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide