Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak otsoa "interes bereziko espezie" izendatu eta egun bat beranduago, atzera egin du Arabako Aldundiak. Araban dagoen otso bakarra hiltzeko erabakia bertan behera utzi du, behin behinean; Arkamo, Gibijo eta Urkabustaiz mendietan abereei egindako erasoengatik hartu zuen erabakia Aldundiak.
Azken hilabeteetan abeltzainek egindako kexen ondoren baimendu zuen Aldundiak otsoaren ehiza. 2019an 200 animalia baino gehiago hil edo zauritu ziren otso bikote baten ustezko erasoaren ondorioz; hainbat iturriren arabera, Araban zeuden bi ale horietako bat baino ez da geratzen.
Aldundiak hartutako azken erabakia ez da behin betikoa, baina hurrengo egunetan "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin du eta uxaldietarako baimena geldiarazi du, "interes bereziko espezie" izendapenak dakartzan ondorioak zehatz aztertu bitartean.