Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Ez da egia, noski. Duela 5.000 urte Mesopotamian izandako pasarteak XXI. mendera freskotasun osoz ekartzeko ahalmena dute hitzek, atzo bertakoak bailiran. Eta gakoa ez da soilik garai horretan argazki-kamerarik ez zegoenik. Lurra ez den mundu bat aurrenekoz zapaldu zenean, Ilargiari irudi mordoa atera zizkioten, eta, hala ere, Neil Armstrongen "That's one small step for a man, one giant leap for mankind" ospetsu hori errotu da gizateriaren kontzientzian. Zalantzarik ez dago: hitza eta irudia, biak ala biak, batera aritzen dira hoberen. Horregatik, ALEAk bost urte bete dituen honetan, atzera begirako hausnarketa egiteko unean, hitzetara eta irudietara jotzeko beharra izan du. Ostiralean hasita eta otsailaren 2ra arte Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai Zortziak bost Araban izeneko erakusketa, azken bosturtekoan egindako lanaren ispilu izatea helburu.
Ispilu xumea, ordea. Laginketaren laginketa. Azken bost urteetan Araban gertatzen dena islatzeko ardura izan du ALEAk. Jakina da argazki bat ateratzen denean enkoadraketak muga zurrun bat ezartzen duela, bi mundu bereizita: irudian dagoena eta iruditik kanpo geratzen dena. Halabeharrez, hedabide batek gizarte baten enkoadraketa egiten du gaiak jorratzerakoan, eta ardura hori ez da edonolakoa. Helburua ez da irakurle guztiak enkoadraketa horiekin guztiekin pozik azaltzea. Inozoa litzateke hori, eta arriskutsua, gainera. Ardura da gizartearen isla hori ahalik eta zintzoena izaten saiatzea. Gero eta gehiago, hedabideen bitartez atzematen da mundua, eta horren araberakoa da norberak besteei buruz duen irudia. Horretan datza, funtsean, hedabide batek duen benetako erantzukizuna.
223. zenbakirantz
Orain arte, 7.104 orrialde izan dira paperean, 9.937 artikulu webgunean, ehunka ordu irratian eta milaka mezu sare sozialetan. Dena ondo bidean, gehiago izango dira Arabako gizarteari buruzko enkoadraketak. Beharrezkoak direnak baino askoz gutxiago dira, zalantza barik; mugatuak, seguruenera partzialak, baina zintzotasunean oinarrituta. Edo, gutxienez, hori da azken helburua.
Eduki horien atzean zortzi lagunez osatutako lantalde profesionala dago, baina astero egitasmoari ezinbesteko ekarpena egiten dion kolaboratzaile taldea kontuan izan gabe ezerezean geratuko litzakete kontu hau guztia. Eta eskerrak eman behar diren honetan, ezin ahaztu hein handi batean komunikazio egitasmoa ahalbidetzen duten ALEAkide harpidedunak eta iragarleak. Horiek gabe ez legoke 223. zenbakirik.
Oihanederren aurkeztutako erakusketa ez da urteak besopean ekarri duen nobedade bakarra. Bost urte hauek Alde Zaharreko Arte eta Lanbideen Eskola zaharrean eman eta gero, urtarrilarekin batera, habia utzi eta Antonio de Sucre kaleko lehen zenbakira joan da ALEA. Bonboiak, urdaiazpikoa edota bestelakoak ekarri nahi izanez gero, ez ahaztu helbide berria apuntatzeaz. Zure gizarte enkoadratzeak ere ongi etorriak izango dira gurean.