Kirola Argi dago ALEA ez dela Marca, baina, ahal izan den heinean, Arabako kirolariei arreta ematen saiatu gara. Alaves eta Baskonia taldeen inguruko jarraipena webgunera bideratu ditugu, normalean partidak berehalakoan jorratu beharreko ekitaldiak direlako. Ia-ia astero Ibon Gorrisiren kronikak jaso ditu Alea.eus-ek. Baina erreportajeetan, saskibaloia edota futbolaz haragoko kirolei ere arreta ematen saiatu gara, bereziki horretan ari diren protagonistekin patxadaz hitz egiten. Batzuetan, izen ezagunak izan dira. Besteetan, klub txikietan ari direnak. Curling-a, errugbia, igeriketa sinkronizatua, hipika, ziklismoa edota mendizaletasuna dira urte hauetan jorratu ditugun kiroletako batzuk. |
Gure bazterrak Bost kilometro egin eta beste herri bat. Eta beste bat. Ingurukoak ez direnentzat, gehienetan izenez ezagutzen diren herriak dira, eta, batzuetan, haien izenak ere ez dira oso ezagunak. Baina horietako bakoitzak mundu txiki bat ezkutatzen du kaleen artean, istorio xumeez beterikoak. Berez, motxila, argazki kamera eta ohar koadernoa besterik ez dira behar horiek disfrutatzeko, baina liburuetan bildutako datu eta ezagutzak eskura izanda, esperientzia askoz aberatsagoa izango da. Herriak ez ezik, bestelako paisaiak eramaten ari da ALEA asteroko orrialdeetara, horiek Arabak duen ondarearen erakusle bikainak direlako. Abentura txiki horietan bildutako esperientzia erreportaje berrietarako gaien altxorra da ere. |
Gizarte borrokak Gizarte guztietan ohikoak dira desadostasunak; bereziki agintariek eta bestelako botere-guneek hartutako hainbat erabakik haserre biziak sortzen dituzte. Horien aurka antolatzen dira gizarte eragileak. Borroka horiek guztiak behar den moduan jorratzeko ezintasuna aitortuta ere, aldarrikapenek lekua izan dute ALEAn. Abiadura Handiko Trena, Garoña, presoen egoera, prekarietatea, etxebizitza, arrazakeria, animalien eskubideen defentsa... Lan arloan sortzen diren gatazkek ere pisu nabarmena izan dute ALEAn. Albisteetan eta erreportajeetan ez ezik, zutabegileen iritzi artikuluen zein erredakziora bidalitako gutunen bidez ere saiatu da ALEA aldarrikapen horiei guztiei merezi duten garrantzia aitortzen. |
Ezagutza Herrietako ondare materialean eta immaterialean ez ezik, beste hainbat lekutan ezkutatzen dira askotan ohartu gabe pasatzen diren toki eta pertsonaia miresgarriak. Bereziki zientziaren eta kulturaren alorrean aritzen diren adituei eta instituzioei tartea egiten saiatu da ALEA, eta zarata asko egiten ez duten lekuetan ere sudurra sartu du. Arabako masoien logian egon gara, georgieraz eta errumanieraz izandako meza ortodoxoak entzun ditugu, puntako teknologiak darabiltzaten laborategietan azalpenak jaso ditugu, munduan zehar bidaiatu duten lagunen istorio izugarriak entzun ditugu... eta, garrantzitsuena, ahots eta esperientzia horiek irakurleengana ahalik eta modurik bizienean helarazten saiatu gara. |
Tradizioak Arbasoek utzitako ondarea dira tradizioak, baina, horretaz harago, herri baten arima ere ordezkatzen dute. Horietako batzuk desagertzeko zorian egon dira, baina herrietan egindako lanari esker berreskuratu dira tradizioak. Batzuetan, gainera, gaur egungo gizartearen ezaugarrien arabera egokitu dira ohitura zaharrak, iragana, oraina eta etorkizuna esku beretik lotuta doazen adierazle. |
Euskara Araba eta euskara dira ALEA gainerako hedabideetatik bereizten duten ezaugarriak. Hizkuntza bera eguneroko tresna izateaz gain, euskalgintzaren alorrean astero sortzen diren ekimenen berri ematen ditu hedabideak. Mezulari lana ez ezik, euskararen aldeko apustuan eragile aktiboa izan nahi du ALEAk, eta, horretarako, herrialdean sortzen diren ekimen desberdinetan bere ekarpena egiten saiatzen da. Kasu horietan, ezinbestean, mikrofonoaren eta kameraren beste aldera pasatzeko beharra dago, askotan argazkian ateratzea kostatzen bazaigu ere. Berria, Goiena eta GEU Elkartea egon dira hedabidearen abiapuntuan, eta, urte hauetan bide propioa urratu dugun arren, erakunde horiek daude gure DNAn txertatuta. |
Politika Dena da politika, bai, eta badira hainbat hedabide arazo askorik ez dutenak gaia lantzeko, aukera batean edo bestean lerrokatuta. Ez da gure kasua. Eta aitortu beharra dago: hain irristakorra den gai batean momentuz inor ez zaigu gehiegi haserretu. |
Sortzaileak Aktoreak, margolariak, musikariak, bertsolariak... sortze lanetan bikain aritzen diren ehunka lagun daude gure artean, eta horiei ere ahotsa ematen saiatu gara. Munduko burtsa-merkatuetan kontuan hartzen ez duten altxorra ekoizten dute: kultura. |
Emakumeen borroka Ez da erraza benetako berdintasunaren aldeko ekarpena egitea, baina helburu hori buruan jardunean dabil ALEAko lantaldea. Gaiari buruzko informazioetara mugatu beharrean, genero ikuspegia errotik txertatzea du helburu hedabideak. Eguneroko tresna duen hizkuntza beraren erabilpenetik hasita, gaien eta protagonisten aukeraketara arte, berdintasun irizpideak kontuan hartzen saiatzen gara ALEAn. |