Gosea apaltzetik, neguko jaiak apaintzera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abe. 20a, 07:00
Gaztain-erreak saltzen dituzte Gasteizko kaleetan. PHOT.OK

Neguko jaietako protagonistetako bat dira gaztainak. Gasteizen bertan zein Arabako herri gehienetan ardo beroarekin eta erreak hartzen eta banatzen dira. Gabonetako osagarri soil bat da egun; duela berrogeita hamar urte ezinbesteko produktua izan zen eta baserrietan bizitza asko salbatu zituen fruituak.

Neguari gaztaina erreak janaz egiten zaio ongietorria Euskal Herrian eta Europako beste lurralde askotan. Arabako hiriburuko kaleetan gaztaina-saltzaileak daude egun hauetan, eta Gabonetako festa eta ekitaldi ugarietan gaztain-erreak banatzen dituzte ardo beroarekin. Hator, hator gabon-kanta ezagunak ere gaztaina aipatzen du. Ohiturek sustrai sakonak dituzte; izan ere, "txiroen ogia" izan da gaztaina mende luzez eta fruitu lehorren artean erregina. 

Gabonetako postreetan protagonistetako bat izan da, sagarrekin eta intxaurrekin batera; eta urtean bost edo sei hilabetez gaztainak afaltzen zituzten baserri eta herri askotan. "Jasota dago, egunero, gutxienez, hamazortzi gaztaina jan behar zituztela baserritarrek taxuz lan egin ahal izateko", azaldu du Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko Etnografia saileko kideak. 

"Baserrietan hozkailua entxufatu zuten egunean hil zen gaztaina"

Beraz, oinarrizko elikagaia zen gaztaina landa eremuan eta denetariko jakiak prestatu dira baserrietan fruitua baliatuta: esne beroarekin afaltzen zituzten ia gauero, egosiak gatz apur batekin, entsaladan, zopan, erreak, eta ogia egiteko irina ere egiten zuten fruituarekin. "Gaubeako Espejo herriko laurogeita hamar urtetik gorako gizon batek kontatu zigun amak kafea ere egiten zuela gaztainekin, aguatxirri esaten zioten edabeari". 

Oinarrizkoa ez ezik, bizirauteko ezinbesteko jakia izan da gaztaina. "Mendatako (Bizkaia) Udalean gordetako XVII. mendeko agiri batean jasotzen da herriko haurren erdiak gosez hilko zirela gaztainengatik izan ez balitz". Gaztainaren handitasuna ukaezina dela nabarmendu du Garcia Uribek, eta fruituak omenaldi bat merezi duela. "Orain dela berrogeita hamar urte Euskal Herriko landa eremua arras pobrea zen, eta gaztainak salbatu zituen". 

Kirikino-hesien lurraldea

Orozkoarra izanik, gaztainaren kulturarekin harreman berezia du Garcia Uribek. Izan ere, gaztainaren inguruko tradizioa oso zabalduta dago bere herrian, eta baita Laudion eta Aiaran ere. Euskal Herrian 110 bat kirikino-hesi –gaztainak morkotsen barruan biltzen zituzten harrizko eraikuntzak– daude katalogatuta, eta horien erdiak Orozkon daude.

Harrizko eraikuntza biribil horietan sartzen zituzten gaztainak animaliengandik babesteko; aire zabalean egun batzuk pasatu eta gero, morkotsa galtzen zuten eta etxeko ganbarara eramaten zituzten. Gutxienez, hurrengo urteko Aste Santura arte kontserbatzen ziren ondo. "Baranbioko baserri batean jasota dago Domu Santuan jasotako gaztainak hurrengo urteko ekainera arte ondo kontserbatzen zituztela", esan du orozkoarrak. Gaztainen kultura handia duten Mendialdeko hainbat herritan ere esaten dute martxora edo apirilera arte ondo kontserbatzen zirela: "Gaztainak kontserbatzeko morkotsik gabe sartu behar dira buztinezko ontzi batean eta gainean urez betetako plater bat jarri; modu horretan ondo gordetzen dira martxora arte".

Esportazioa

Orozkon gaztainondo asko zeuden, beste hainbat tokitan zeuden bezala, baina bertan esportaziorako erabili zuten gaztaina, bazelako pertsona bat interesatua horretan. Pertsona hori Manuel Goikoetxea komisionista laudioarra zen. Bilboko zinegotzia zen, eta ontzidi bat zuen Anberesko (Belgika) enpresari batekin –Pedro Goossensekin–, eta haren bidez esportatzen zituzten gaztainak. "Hortik, Orozkon eta Laudion ere hainbeste kirikino-hesi egotearen arrazoia: negozio bat bazelako. Ekonomia bat zegoen", azaldu du Garcia Uribek. 

Hala ere, XIX. mende bukaeran hasi zen gaztainaren gainbehera. Faktore nagusien artean daude herritik hirietara jazotako migrazioa, lursailen-kontzentrazioa, eta patataren eta zerealaren hedapena. Gainera, tintaren gaixotasunagatik Euskal Herriko gaztainadi gehienak galdu ziren. "1899. urtean, New Yorketik Donibane Lohitzunera etorri zen itsasontzi batek tintaren gaitza zuten gaztainondoak ekarri zituen, –azaldu du Garcia Uribek– eta birusa hedatu zen; Espainiako gaztanadien %95 desagertu zen horrela". 

Alta, gaztainaren behin betiko heriotza XX. mendeko 50. hamarkadan geratu zen, Garcia de Uriberen arabera. "Baserrietan hozkailua entxufatu zuten egunean hil zen gaztaina", hain zuzen oinarrizko jakia izateari utzi zionean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide