'De Miguel' auzia

"Ustelkeria politiko sistemikoa" salatu dute EAJren egoitzaren aurrean

Mikel Buruaga 2019ko abe. 17a, 20:44

"Gaur ez dugu irabazi, gaur galtzen jarraitzen dugu", adierazi du ADI ustelkeriaren aurkako elkarteak De Miguel auziaren harira Gasteizko EAJren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Gaur goizean ezagutarazi du De Miguel auziaren epaia Arabako Auzitegiak eta sententziaren inguruko aurreikuspenak "eskasagoak" zirela onartzen badute ere, erantzuteko beharra ikusita, elkarretaratzea deituta zuen ADI elkarteak Andre Maria Zuriaren plazan.

Bertan gogorarazi dute ia hamarkada bat igaro dela "Arabako Foru Aldundiko bulego batetik txantaia jasotzen ari zen pertsona batek ustelkeria politikoa salatzeko ausardia izan zuenetik".

Ezarritako zigorrez harago, "ustelkeria politikoa sistemikoa" izaten jarraitzen duela azpimarratu dute elkarretaratzearen amaieran egindako adierazpenean.

Horregatik, ustelkeria ahalbidetzen duten baldintza ekonomiko zein politikoak "errotik moztu" behar direla aldarrikatu dute: "Gaur gaurkoz, mota honetako sententziak ez dira erabiltzen ustelkeriari bide ematen dion sistema aldatzeko".

Iñigo Urkulluren eta Andoni Ortuzarren goizeko barkamen eskaeraren aurrean, ustelkeria "gezurrekin zuritzea" leporatu diote EAJko buruzagiei, zigortutakoek alderdiarekin "zerikusirik ez dutela" adierazteagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago