Enpresak duela bi hilabete egindako proposamen ekonomikoa bere horretan mantendu duela azaldu dute langileen ordezkariek. Adibidez, enpresak egun libre bat gehiago proposatu die 2020 urtean, baina ordu kopurua mantenduz. Gainera, proposamena ahoz helarazi diela kritikatzen dute langileek, idatziz "ezer aurkeztu gabe".
Pasa den astean zehar, elkarretaratzeak egin zituzten goizero Arabako Elecnorreko lantokian eta Telefonica eraikinaren aurrean. Eguerdietan, ordea, Movistarreko saltokian bildu ziren langileak, General Loma plazan. Asanbladak eta kotxe karabanak ere egin zituzten.
Aste honetan, bezeroen laguntza bilatzen jarraituko dutela azaldu dute eta ostiralean, protesta Bilbora eramango dute, Elecnor eta Telefonica enpresen egoitza zentralen aurrean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Elecnorreko langileen ordezkariek Arabako langileekin bat egingo dute bertan.
Greba mugagabearen bigarren astearekin batera, Elecnorreko langileek "behingoz eseri dadila" eskatu diote enpresari, gatazkari aterabidea emateko eta "enpresaren errealitateari erantzuten dion akordioa" bilatzeko.