Telefonicako azpikontrata da, baina enpresa horretako langileek baino soldata baxuagoak, lanaldi luzeagoak eta osasuna "arriskuan" jartzen duten segurtasun neurri okerragoak dituztela salatzen dute Elecnorreko langileek.
Horrez gain, enpresak aldi baterako langileak asteburuetan eta jai egunetan lan egitera behartzen dituela azaldu dute, hala egiten ez badute "kaleratuak izateko arriskupean". Egun horiek ezin dituzte aparteko ordu gisa erregistratu, ezta egindako instalazioen arabera kobratu ere.
Gainera, Gasteizko lantoki barruan dagoen "diskriminazioa" amaitzea, erosteko ahalmen gehiago ez galtzea, guardiak dagozkien bezala ordaintzea eta beste herrialdeetako langileek dituzten baldintza berdinak izatea exijitzen dute.
Greba eta mobilizazioak
Greba mugagabea abiatu baino lehen, bost greba jardunaldi egin dituzte Elecnorreko langileek azken hilabeteetan.
Deialdia erregistratu zenetik, enpresak eman duen "urrats bakarra" egon dela azaldu diote ALEAri LAB eta ELA sindikatuek osatutako langileen ordezkaritzak. Hauen arabera, iragan asteazkenean, greba ez egiteko helburuarekin, langile guztiei idazki bat helarazi eta banaka deitu zituela salatu dute sindikatuek.
Salatu dutenez, beste herrialdeetako lankideen bitartez jakin ahal izan dute greba egunetan enpresa langileak bidaltzen ari dela Nafarroatik Agurain eta Araiara, "grebalarien greba eskubidea bera kolokan jarriz".
Greba mugagabeak dirauen bitartean mobilizazioak egingo dituzte. Besteak beste, gabonen bezperetan, bezero eta bezero posibleei azpikontratako langileen egoera aurrez aurre azalduko diete Telefonicako saltokietan. Horrez gain, abenduaren 19an, Plaza Berriko azokan elkarretaratze intentsiboa egingo dute.
Eta abenduaren 20an, ostiralean, Arabako langileak Bilbora hurbilduko dira bertan dauden Elecnor eta Telefonica enpresen egoitza zentralen aurrean protestak egiteko.
Azken mobilizazio honek Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuen langileen ordezkarien babesa izango duela azpimarratu dute.
Elecnor: 2019an %5,3ko hazkundea
Bere aldetik, Elecnorrek "arazo ekonomikoak" argudiatzen ditu langileen egoera azaltzeko. Langileen ordezkarien arabera, berriz, enpresak 28 milioi euroko etekinak banatu zituen 2018an.
Enpresak berak jakinarazi du salmentak %1,5 handitu dituela 2019ko urtarriletik irailera eta eragiketa korporatiboen mozkin garbia 57,1 milioi eurokoa dela. Hau da, %5,3ko hazkundea izan du Elecnorrek.