'Hazitik gora!' izango da Euskal Eskola Publikoaren 29. jaiaren leloa

Erredakzioa 2019ko aza. 13a, 16:42
Bastidako ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartu dute aurkezpenean. EHIGE

Ernamuintzen ari den hazi bat irudikatu dute logoan, Arabako Errioxako eskola publikoek bizi duten eraldaketa prozesua islatuz.

Hazitik gora! izango da 2020ko ekainaren 7an, Bastidan, antolatu duten Euskal Eskola Publikoaren jaiaren leloa. Arabako Errioxako ikastetxe publikoak egiten ari diren transformazio prozesua nabarmendu nahi izan dute lelo horrekin, eta lan hori aitortu eta zabaldu. Jaiaren logoari dagokionez, ernamuintzen ari den hazi bat irudikatu dute, kolore desberdinekin, Arabako Errioxako eskola publikoak bizi duen eraldaketa prozesua islatuz. Humanos Unidoseko Miguel Angel Herrera da irudiaren egilea, eskola publikoko aita hain zuzen ere.

Jaiaren leloa eta logoa aurkeztu dituzte gaur goizean, Bastidako ikastetxean egindako agerraldian. Prentsaurrekoan parte hartu dute Mari Mar Mantas eta Iratxe Olazabal Bastidako eskolako amek, Lurdes Errasti Denon Eskola federazioko presidenteak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Bertan egon dira ere Bastidako eskolako ikasleak eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoetako ordezkariak.

Jaiaren antolatzaileen esanetan, Arabako Errioxako ikastetxeek sarean egiten duten lana ezagutarazi nahi dute; halaber, hiriburutik urrun egon arren, eta La Riojako mugan. "Gainontzeko ikastetxe publikoak bezala, elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko". 

Arabako Errioxako ikastetxe publikoak

Sei ikastetxe publiko daude Arabako Errioxan: Bastidako herri ikastetxeaz gain, Eltziegoko eskola publikoa, Lantziego ikastola, Ramiro de Maeztu eskola (Oion), Victor Tapia eskola (Guardia), Samaniego institutua (Guardia). Guztira, 1.170 ikasle dituzte ikasturte honetan.

Ikastetxe guztietako guraso eta irakasleen ordezkariak parte hartzen ari dira Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolaketan. "Gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea da, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko". 

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua aldarrikatzailea da, jai giroan eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela aldarrikatzea hain zuzen ere. 1994tik urtero antolatzen dute guraso elkarteek ikastetxe publikoetako gainerako kideekin batera. 

 

Erlazionatuak

Arabako Errioxatik dator eskola aldatzeko bultzada

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 ira 13 Araba

"Hezkuntzan aldaketa asko periferietan ematen dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 ira 13 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide