Eskolak eraldatzen izeneko lan saioa egin dute egun hauetan, MaÒuetan, Arabako Errioxako sare publikoko irakasleek eta familiek. Denon Eskolak eta EHIGE gurasoen elkarteak antolatu dute jardunaldia, 2020ko ekainaren 7an Bastidan egingo duten Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren jardueren barruan. Lurdes Imaz EHIGE guraso elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, helburua hezkuntzaz hausnartzea izan da, hezkuntza komunitate osoaren artean. "Jaia Bastidan egingo dugu aurten, eta Arabako Errioxako institutuarekin eta eskola publiko guztiekin elkarlanean ari gara eguna antolatzen". Horren harira, Arabako Errioxako eskola komunitatetik jarduera ludikoak antolatzeaz gainera, hezkuntzari buruzko eztabaidak garatzea planteatu dute, eta iragan ostegunean egin zuten lehen topaketa hori.
Bada, Mañuetako lan saioan ikastetxeen antolakuntza, bizikidetza, gatazkak eta puri-purian dauden beste hainbat gai aztertu dituzte. Gainera, hezkuntza eraldaketan aditua den Carlos Magroren laguntza izan dute hausnarketan. "Magrok planteatzen du aldaketa ez dela etorriko soilik dekretuekin edo irakasle bakoitzaren ahaleginetik, baizik eta oso inportantea dela eskoletan eztabaidak ere egitea; eta aldaketak komunitateak egin behar dituela".
"Arabako Errioxako eskolen eraldaketa ikusgai egin nahi dugu Euskal Eskola Publikoaren Jaian"
EHIGEko arduradunak azpimarratu duenez, gizartea aldatzen ari da, gizartea gero eta askotarikoagoa da, eta asmatu behar dute nola egin aurre aniztasun horri: "Pertsona guztiek eskubide berdinak izateko eta etorkizunera begira gizarte kohesionatu bat egiteko". Ildo horretan, Arabako Errioxako ikastetxe publikoak transformazio prozesu baten barruan daudela nabarmendu du Imazek, eta adibide gisa jarri du Bastidan aniztasunaren inguruan lantzen ari diren ekimenak eta egin duten lana.
Bastidako eredua
Iragan otsailean ezagutarazi zuten Bastida eskolako irakasleek, familiek eta ikasleek arrazakeriaren kontra eta elkarbizitzaren alde garatzen ari diren proiektua; 20.000 bisita inguru jaso zituen bideoklip baten bitartez. Orduan azaldu zion Itziar Gabilondo eskolako ikasketa buruak ALEA FMri duela hiru ikasturte hasi zirela aldaketa egiten, zuzendaritzaren eta klaustroaren artean egitasmoa adostu eta gero. "Proiektu eraldatzaile bat bultzatzen ari gara, inklusio erreala bermatu nahi dugu eta ikaslea fokuan jarri dugu; bakoitzaren erritmoa errespetatuz, hezkuntza pertsonalizatzea nahi dugu. Espektatiba altuak ditugu gure ikasleengan eta komunitate osoaren partaidetza bultzatzen ari gara, familien ahalduntzea ere sustatu nahi dugu". Eskolan duten kultura aniztasuna traba bat baino aberastasuna dela uste dute Bastidan, eta kudeatzea zaila bada ere horretan buru-belarri dabiltza lanean.
Hortaz, Denon Eskola eta EHIGEtik Arabako Errioxako ikastetxeak egiten ari diren aldaketa prozesu hori ikusgai egiteko erabili nahi dute aurten Eskola Publikoaren Jaia. Beraz, 2020ko ekainaren 7an, milaka pertsona espero dituzte Arabako Errioxan, jaiaren 29. edizioa ospatzeko. Aurten, Errenterian egin dute, Makina bat taupada lelopean. Ekitaldian bertan jaiaren lekukoa jaso zuten Bastidako eskolako kideek. Aurki, hurrengo urteko jaiaren leloa eta abestia aurkezteko asmoa dute antolatzaileek, eta bitartean Mañuetakoa bezalako lan saio gehiago antolatzen jarraituko dute.