"Hezkuntzan aldaketa asko periferietan ematen dira"

Carlos Magro, hezkuntza eraldaketan aditua izan zen Mañuetako jardunaldian. E.U.

Eskolak aldatzeko gaitasun handia duela uste du Carlos Magro adituak, eta batik bat periferietatik bultzatzen ari direla eraldaketa prozesu nagusiak.

EHIGEk Mañuetan antolatu duen lan saioan parte hartu du Carlos Magro hezkuntza eraldaketan adituak eta Educación Abierta elkartearen zuzendariak. 

Zeintzuk dira hezkuntza aldatzeko erronkaren ardatz nagusiak? 

Lehenik eta behin azpimarratu behar da, sarritan kontrakoa esaten den arren, Espainiako eskola oro har ez dela porrotaren kasu bat; aldiz, arrakastaren kasu bat da. Irakasleok eta eskolek ahalegin handia egin dugu azken 40 urteetan, eta oso hezkuntza maila baxuetan zegoen herrialdea ondoko herrialdeen mailan jarri dugu. Ez dut esan nahi duguna nahikoa denik, ondo dago, baina ez da nahi duguna. 

Erronka nagusia zein da? 

Aniztasuna, inor atzean ez uztea. Porrotaren tasa altuak ditu Espainiak, eskola uzten duten umeen kopurua altua da… Ez gara gai pertsona guztiei ikasteko eskubidea bermatzeko, umeen zenbateko handia dago hezkuntzatik baztertuta, eta horrek aniztasunarekin zerikusi handia du. Oso desberdinak gara eta hezkuntza jorratzeko modu tradizionalek ez dute balio. Sare pribatuan eta sare publikoan gertatzen da hori.

"Eskolaren gaitasuna garatzen duten politikek funtzionatzen dute"

Zer egin dezakete irakasleek hezkuntza eraldatzeko?

Asko egin daiteke eskolatik eta asko egiten ari da. Ezer baino lehen, eskolaren helburuak birpentsatu daitezke, eta argi dugunean zer egin, metodologiak, ebaluatzeko moduak eta abar egokitu beharko dira. Eztabaida zabala egin daiteke eskolan, eta komunean erabaki zer egiten dugun, ez administrazioak markatzen duena, baizik eta eskola komunitateak markatzen duena. Familiak ere horretan gakoa dira, familiarekin harremanak hobetuz gero eta ikasleengan ditugun espektatibak igoz gero, hezkuntzaren egoera aldatu egiten da.

Baliabide nahikoa dago aldaketa egiteko?

Bai. Eskola guztiek dute aldatzeko gaitasuna. Administrazioak beti pentsatu du hezkuntzaren egoera aldatuko dutela lege berri bat onartuz edo araudia aldatuz, goitik behera gauzak eginez; baina horrek ez du funtzionatzen. Eskolari eta irakasleriari konfiantza ematen dioten politikak dira benetan funtzionatzen dutenak, eskolaren gaitasuna garatzen laguntzen duten politikak. Arazoa ez dira soilik baliabideak.

Aldaketa egitea errazagoa da landa eremuko eskoletan?

Tradizioz landa eremuko eskola baztertu egin dugu, baina azken urteetan nik inpresioa dut hezkuntzan aldaketa gehienak eta apustu berritzaileak landa eremuko eskoletan ematen ari direla, edo periferietan dauden eskoletan, ez soilik periferia geografikoan; gatazka edo premia gehiago dauden eskoletan, aniztasun gehiago dituzten eskoletan ematen ari dira aldaketa. Aldiz, erosoago dauden eskoletan ez dute aldatzeko premiarik ikusten. Ondo begiratuta, landa eremuko eskola oso berritzailea da; adibidez, orain hiri handietako eskoletan ikusi dute hezkuntza hobetzeko modu bat dela adin desberdinetako umeak nahastea eta talde handiagoak egitea. Landa eremuko eskoletan betidanik egin dute hori, beharragatik. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide