'Gasteizko bostei', hamaika babes mezu

Erredakzioa 2019ko uzt. 23a, 11:40

Babesa eman diete auzipetuei Aihotz plaza sarreran egindako agerraldian. / E. Anda

11/13 makroepaiketaren aurka eta elkarbizitzaren alde, irailaren 7an Gasteizen eta 14an Bilbon izango diren mobilizaziora deitu dute.

Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar gasteiztarrei babesa adierazteko eta hauek babesteko sortu den '5ak Gasteizen' dinamikak beste bultzada bat jaso du gaur, dozenaka lagun ezagunek eman dieten babesari esker. "Hitz gastatuen eta eskubide zapalduen ustezko demokrazia honetan, beharrezkoa da Ez esaten duen pertsona bat, giza duintasuna aldarrikatuko duena", irakurri du Patxi Zubizarreta idazleak, goizean egindako agerraldian. "Horrexegatik gaude hemen, temati, ezeroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren; Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko".

Dinamikarekin bat egin dute, besteak beste, Bernardo Atxaga, Iban Zaldua eta Toti Martinez de Lezea idazleek, Aitziber Porras, Oier Zearra, Arrate Chillon, Juan Vallejo, Maider Unda, Juanito Oiarzabal, Eneko eta Iker Pou kirolariek, Juan Mieg, Irantzu Lekue eta David Tabares artistek, Belen Nevado, Eloy Beato eta Patxi Bisquert aktoreek, Jon Basaguren, Miren Narbaiza, Mikel Urdangarin eta Txerra Bolinaga musikariek, edota Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak. 

Makroepaiketaren aurka eta elkarbizitzaren alde, prestatu dituzten datozen deialdiak ere gogoratu dituzte: uztailaren 27an Txapuzoi Eguna egingo dute Landan (10:30ean bizikleta-martxa Konstituzio plazatik), abuztuaren 5ean ekitaldia izango da txosnetan (21:30), irailaren 7an Arabako mobilizazio nagusia eta irailaren 14an Bilbora joateko deia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago