Gasteizko 11/13ko auzipetuekiko "elkartasun olatua" aktibatzeko deia egin dute

Erredakzioa 2019ko uzt. 4a, 11:40

Dozenaka lagunek eman diete babeta auzipetuei. / Erlantz Anda

Irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen alde jardun duten hainbat eragileren kontrako epaiketa; irailaren 7rako mobilizazio masiboa deitu dute Gasteizen.

"Denak ari ziren bultzatzen gatazkaren konponbidea eta justizian oinarritutako bake bat". 11/13 sumarioan auzipetutakoei elkartasuna adierazteko antolatutako herri ekimeneko Garazi Diaz eledunak egin ditu adierazpenok, Gasteizko Buruileria plazan antolatutako agerraldi jendetsuan. Herrira plataformaren, Etxeraten eta euskal presoen abokatu, mediku eta psikologoen aurkako auzia da 11/13 sumarioa, eta auzipetuei babesa adierazteko ekimen sorta prestatu dute hurrengo hilabeteetarako. 

Auzipetutako 47 lagunetarik bost Gasteizko bizilagunak dira: Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar. Hamalau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute Zelaia eta Gonzalezentzat, 11 Abaigar eta Lopez de Luzuriagarentzat, eta 12 Lopez de la Callerentzat. "Zer eta eskubideen aldeko dinamika herritarrak antolatzeagatik, bitartekaritza lanak egiteagatik, presoen senideak laguntzeagatik edo psikologo bezala lan egiteagatik", salatu dute agerraldian.

"Bidegabekeria" honen aurrean babesa eskaini diete hamaika herritarrek, eta gatazkari "konponbide justu bat" bilatzea. Preso eta iheslarien "eskubideak defendatu" dituztela gogoratu dute, eta horiek babestea, gainera, "ariketa demokratiko ezinbestekoa" dela: "Aktibatu dezagun elkartasuna elkartasuna praktikatu dutenen inguruan. Maite ditugulako, justizia kontua delako, nazkatuta gaudelako oraindik ere horrelakoak sufritu behar izateaz". Eta aktibazio horretarako, 5ak Gasteizen, Elkartasunez blai! Mójate kopon! ekimen herritarra prestatu dute dozenaka lagunen artean.

Irailaren 7an mobilizazioa

Hala, epaiketa bitartean, Gasteizko bazterrak "elkartasunez" eta "konpromisoz" beteko dituztela gogoratu dute. Besteak beste, uztailaren 27an Txapuzoi Eguna egingo dute Landako urtegian, abuztuaren 5ean ekitaldia Gasteizko Txosnetan, eta irailaren 2tik 7ra bitartean Elkartasun astea izango da. Gainera, bi data azpimarratu nahi izan dituzte: irailaren 7an mobilizazio masibo bat egin nahi dute Gasteizen, eta irailaren 14an nazioa mailako manifestazioa izango da, epaiketa hasi baino bi egun lehenago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago