"Herriarekiko arduraz betetako lana egin dugu; bizipen ederra izan da"

Anakoz Amenabar 2019ko uzt. 11a, 07:00

Ane Zelaia eta Izaskun Abaigar, Gasteizko Alde Zaharrean. / Erlantz Anda

Euskal preso eta iheslarien alde egindako jardunaz harro, oraindik egin beharreko lana dela nabarmendu dute Izaskun Abaigarrek eta Ane Zelaiak, Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioko epaiketa hasteko bi hilabetera. 

Euskal presoen eskubideen defentsan lanean aritutako 47 lagun epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, datorren irailaren 16tik aurrera. Osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen eragileetako kideak dira auzipetuak, eta 8 eta 21 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu Fiskaltzak eurentzat, tartean Izaskun Abaigar (Kanpezu, 1986) eta Ane Zelaiarentzat (Gasteiz, 1985). Egindako lanaren zilegitasuna nabarmendu dute, herriarekiko elkartasunez egindako lana, eta 5ak Gasteizen dinamikari esker bueltan jasotako babes zabalarekin pozik eta eskertuta agertu dira.

Epaiketa hasteko bi hilabetera, nola zaudete?

Ane Zelaia: Haurdunaldiak lagundu dit lur hartzen, eta oraingoari begira nago eta ez horrenbeste gero etor daitekeenari. Baina uste dut oso zirkunstantziala dela nire egoera.

Izaskun Abaigar: Bigarren fase batean nagoela esango nuke. Epaiketaren data jakin genuenean izan zen lehena. Bigarrena, berriz, hainbat herritan martxan jarritako dinamikekin etorri da; horretan gaude buru-belarri, herrietan inplikatuta, eta ez hainbeste ondorioetan pentsatzen.

Presoen eskubideen alde lanean ari zineten atxiloketak gertatu zirenean.  

A. Z.: 2013ko iraila amaieran atxilotu ninduten ni, Herrirako beste 17 kiderekin batera, eta urtebete lehenago hasi zen sumario guztiaren ikerketa, ordurako Euskal Herrian egoera politiko desberdin bat zegoenean. Pertsonalki garai horretan oso inplikatuta eta oso sinetsita nengoen egiten ari ginen lan berri horretan; presoen eskubideen inguruko lanketa parte-hartzaileagoa, irekiagoa, transbertsalagoa egitea zen asmoa, eta uste dut horretan herritar pilo bat engantxatu ginela. Hori bere fruituak ematen ari zenean, herritar pilo baten esfortzu handiarekin lan polita egiten ari zenean, etorri ziren atxiloketak. Momentu hartan ez genuen espero, eta pertsonalki shock bat izan zen; ez zetorren bat garai hartako egoerarekin, egiten ari ginen lanarekin... Sorpresa izan zen, gure lana guztiz publikoa zelako, eta indar politiko guztiekin harreman normal bat zegoelako; adostasun gutxiago edo gehiago, guztiekin elkartu ginen.

I. A.: Nire sorpresa ere ikaragarria izan zen. Etxeraten nenbilen lanean. Ez genuen ulertzen testuinguru hartan, presoen eskubideen inguruko olatu izugarri horrekin... 2015eko martxoan atxilotu gintuzten gu, eta bi aste lehenago Europako Parlamentuan izan ginen hainbat seniderekin batera; dispertsioaren inguruko salaketa kualitatibo nahiko potentea lortu genuen, eta Europako PPk ere eman zuen horren aurkako mezu bat, esanez dispertsioa ez zela bidezkoa eta amaitzeko bidean jarri behar zela. Pentsa, handik bi astera, Europatik ekarritako poztasun harekin guardia zibilak etxean agertu zirenean... Ez nuen ulertzen senideen elkartean egiten ari ginen lan publiko zilegi horri erantzuna; politikoki uler genezakeen, hori guztia zapusteko helburu politikoa.

A. Z.: Operazioa martxan jarri zuenak bultzada politiko bat izan zuela argi daukagu, eta maila batean lortu zuten ilusio egoera hori baldintzatzea.

I. A.: 'Parot doktrina' ezeztatu zuten, osasun arloko eragile ugari preso gaixoen askatasuna eskatzen ari ziren... Uste dut gaindituta ikusi zutela euren burua, eta hori moztu behar zuten.

Nola interpretatzen dituzue zigor eskaerak?

A. Z.: "Dena ETA da" tesiaren jarraipena dira guri leporatzen dizkiguten delituak. Tesi hori lekuz kanpo egon da beti, baina egia da gaur egun are ulergaitzagoa dela. Herrirako kideei finantziazioa, terrorismoa goratzea eta erakunde terroristako kide izatea egozten digute... erakunde armatuak su etena iragarri eta urtebete beranduago hasita ikerketa poliziala. Gu norbaiten agindupean baldin bageunden, gehiengo sozialak agintzen zuen horren mende geunden; preso eta iheslarien afera termino berri batzuetara eta konponbide baldintzetara eramateko lanean. Eskaerena surrealista da. Argazki horixka batean kokatu nahi dute gure herria, eta Euskal Herria beste fase batean dago.

I. A.: Audientziak dauka aginte makila. Gure kasuan 6 eta 12 urte arteko eskaerak egin zitezkeen ETAko kide izatea egotzita, eta 11 eskatu dituzte. Baina non justifikatzen da hori? Hori sumarioan ez dago argudiatuta. Badago asmoa gu beldurtzeko, Euskal Herria geldiarazteko, eta kontuz! hemen delitu grabeak egon daitezkeela aditzera emateko. Giza eskubideen aldeko defentsan eta elkartasunean, senideen hitza leku guztietara eramateagatik terrorismoa leporatzen digute? Senideek eurek beste makilkada bat bezala hartu dute. 

Zubiak eraikitzeko beharra nabarmentzen da gaur egun. Zuen auzian nabari duzue alde bateko eta besteko elkarlana?   

I. A.: Nik nabaritu dut naturaltasun handiagoz hitz egiten dela, jendeak bere buruan duen motxilaren pisu handi bat kendu duela. Hori sentitzen dut. Halere, guk harremanak genituen lehen alderdi politiko guztiekin, maila lokalean eta Euskal Herri mailan, beraz gauzak nahiko bideratuta zeuden. Gai honi berriro heltzeko nekea nabaritu dut, "berriz hau?", baina jendeak nahia dauka aurrera egin eta honekin amaitzeko.

A. Z.: Garai berri horretan gailendu ziren egiteko moduak atseginagoak izan dira, batzarrak antolatzeko moduan, mezua emateko moduan... horrek ere fruituak eman ditu eta positiboki baloratu behar da, adibidez, batzarretan badagoela ezker abertzaletik gertuago sentitu daitekeen jendea, ezker abertzalekoa izan ez baina elkartasun ikuspuntu batetik lanean eroso dagoena, edota auzokidetasun ikuspuntu batetik astakeria judiziala iruditzen zaiona... Gaur egun horri lekua ematea askoz errazagoa da, elkarrentzute bat dagoelako bizi izan dugun guztiarekin.

I. A.: Batez ere maila lokalean oso aberatsa da hau. Guretzat kristorena izaten ari da babes hori sentitzea. Kanpezun, esaterako, ez nekien zer jasoko nuen eta ikaragarria izan da; ezin da hitzetan jarri ikusten ari garen erantzuna. Bide hau bakarrik egin izan banu, etxean nengoke. Epaiketarako bidea samurragoa da horrela, eta emozionatuta, eskertuta eta bideari ekiteko aktibatuta nago. Pozik, bide honetan hainbat lagun izateagatik.

A. Z.: Joan den asteko prentsaurrekoa hunkigarria izan zen niretzat. Dagoeneko elkartasun olatu honek guztiz busti nau. 

"Senideen hitza leku guztietara eramateagatik terrorismoa leporatzen digute?"

 

'5ak Gasteizen' kanpaina duzue martxan. Zer helburu nagusi ditu?

I. A.: Batetik, sozializatzea. Egoeraren berri ematea, eta ez epaiketaren berri bakarrik. Presoen egoera zein den ezagutarazi nahi dugu, bizi baldintzak nolakoak diren... azken batean, guk ere mesede egin nahi diegu presoen senideei, presoei eta Euskal Herriari. Bestetik, helburu ekonomikoa; sekulako gastuak izango ditu honek, eta elkartasuna jasotzeko bide desberdinak jarri ditugu; 350.000 euroko gastua kalkulatzen da, prokuradore, Madrilera joan-etorri eta egonaldien artean. Ehun lekuko baino gehiago izango dira hiru hilabete iraun dezakeen epaiketan. Horregatik, herrietan hainbat ekimen ditugu eta emaitza polita izaten ari da; Kanpezun adibidez, makrosaski bat osatzen ari gara, eta jendearen ekarpenari esker 100 produktu baino gehiago jaso ditugu. Azkenik, kanpaina honekin Euskal Herriari ekarpen bat egin nahi diogu, ekarpen politiko bat, eta horregatik Irtenbidera moduko leloa aukeratu dugu; herria blokean joatea nahi dugu, konponbidea nahi dugulako behingoz. Demokrazia, giza eskubideak eta bakea.

A. Z.: Izan ere, gogoratu behar dugu 47 auziperatuok egiten genuen lan profesionalaz harago –lan juridikoa, osasun asistentzia, dinamizazio politikoa...–, elkartasunez eta gure herriarekiko arduraz betetako lana egiten genuela, eta bizipen ederra izan zen hori. Preso eta iheslariak daudenetik egin izan den lana da, eta egiten jarraitu beharrekoa, azken presoa etxera ekarri arte. 

Irailaren 14rako manifestazioa deitu duzue. 

A. Z.: Elkartasunez blai, mójate kopon! lelopean, bustitzeko aukera desberdinak izango dira. Udan zehar hainbat mobilizazio izango dira, uztailean bertan Landako urtegian eta abuztuan Gasteizko jaietan, esaterako. Eta epaiketa hasi aurretik manifestazioa izango da Bilbon, irailaren 14an.

I. A.: Manifestazio horren helburua da gu ahalik eta indartuen eta babestuen joatea Madrilera, hiru hilabeteko epaiketari aurre egiteko.

A. Z.: Ez dakit jendeak badakien zer suposatzen duen hiru hilabetez bizitza epaiketaren arabera antolatzea; hiru egun Madrilen, hurrengoak ez, gero astebete...

I. A.: Nik hezkuntzan egiten dut lan, eta honek zailtasunak ekarriko ditu ikasleen ikaste prozesuan... Eta sozialki suposatzen duen estigmari ere aurre egin beharko diogu, eta horretarako ere indartsu egon behar dugu.

A. Z.: Oso gutxitan aipatzen da estigma, eta azpimarratu behar dela uste dut. Auzokide batzuei izan dut dena zerotik azaltzeko beharra, testuingurua falta zutelako eta nire aurpegia 14 urteko espetxe zigorraren ondoan ikusitakoan ikaratuko direlako. Ez da erraza... 

Espetxealdia burutik pasatzen zaizue?

A. Z.: Aukera moduan ikusten dut bai, aukera guztiak zabalik. Egia da azkeneko makroepaiketa hauek akordioekin amaitu dituztela, baina Altsasukoak ere espetxean daudela pentsatzen dut, eta katalanek nolako babesa duten nazioartean eta espetxean daudela... Ez nau blokeatzen pentsamendu horrek, baina ez naiz fidatzen.

I. A.: 47 lagun gaude auzipetuta, bakoitza bere etxekoa eta bere motxilarekin, eta badira espetxean egon direnak ere... pentsa nolako mamua pizten den horientzat, baina baita egon ez garenontzat ere. Noski, oso presente daukagu. Nork daki, ez dugu gure zelaian jokatzen.

Irailaren 14rako manifestazio nazionala deitu dute Bilbon; argazkian, joan den astean Gasteizen egindako agerraldia. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago