"Hasierako xalotasuna galduta ere, grina berdinarekin nabil"

Juanma Gallego 2019ko uzt. 21a, 06:10
Misterioaren atzetik ibili izanagatik istorio harrigarri asko entzun ditu Etxazarrak, lehen eskutik. / JUANMA GALLEGO

Ezohiko gertakarien atzean urteak eman ditu Enrique Etxazarra ikertzaileak, zuhurtzia lagun, baina lekukoek diotena entzuteko prest. Liburuetan eta hedabideetan kasu horiek jaso ditu, baina orain erronka berri bati ekiteko prest dago: istorio aztoragarri horiek izan diren lekuetara joan eta bisitariei zuzenean kontatu.

Misterioari lotutako istorioen atzetik ibili da gaztarotik Enrique Echazarra (Gasteiz, 1970) ikertzailea eta idazlea, eta urte hauetan zehar ezusteko ugarirekin topo egin du. Crónicas de brujería, 50 lugares mágicos del País Vasco eta Los 20 mejores expedientes X del País Vasco liburuetan jaso ditu ezohiko bideak urratuta bildu dituen kasu horietako batzuk. Aspalditik hedabideetan ibilitakoa, Iker Jimenez kazetariak gidatutako Cuarto Milenio saioan egin da bereziki ezaguna Euskal Herritik kanpo. Saio horren inguruan ibilbide turistikoak egiteko asmoa agertu dute orain.

Misterioari buruzko ibilbideak prestatzen ari zarete. Nola sortu zen ideia hori?

Iker Jimenezek proposatu zigun kontua Cuarto Milenio saioko kolaboratzaileoi. Pangea izeneko agentziatik proposamen bat helarazi zioten, eta Ikerri ikuspuntua gustatu zitzaion. Bidaia baino, ideia da esperientzia bat eskaintzea: ihesaldiak asteburuetan, misterioa zure hirian (egun bateko bisita), eta gaueko irteerak, misterioaren leku ikonikoetara, bertan gaua emateko.

Eta zein da Arabarako prestatu duzuen proposamena?

Guk momentuz bi hitzordu zehaztu ditugu, biak larunbatetan. Urriaren 5ean, Gasteizko ibilbidea egingo dugu. Urriaren 19an berriz, Gasteizko jatetxe batean afaria egingo dugu, eta gero Otxatera txangoa egingo dugu. Aurrera begira, beste ibilbide bat prestatzen ari gara, Araban eta inguruetan, asteburu batean. Otxatera joango gara ere, noski, baina asmoa da beste toki asko bisitatzea: Gasteizko Ogasuneko eraikina, Lañuko gobak, Errioxako balkoia, –Arabako ufologiaren leku mitikoa da eta– , mamuei buruzko istorioak gordetzen dituzten Errioxako hainbat jauregi edo Miranda de Ebroko El Chantre izeneko momia; Subilla Morillasera ere joango gara, bertan Wellingtongo dukea bizi izan zen etxe batera… funtsean, Cuarto Milenio saiorako erreportajeak grabatu ditugun lekuetara.

Zer azalduko duzu Otxaten?

Nire ideia da bertan azaltzea zergatik Otxate bihurtu den misterioaren ikono bat; ia fenomeno soziala bihurtu da. Eta guztia kontatuko dut: batetik, bertan jazo omen diren fenomeno paranormalak, nire ikerketetan jaso ditudan testigantzetan oinarrituta. Bestetik, Otxateren inguruan sortu den kontakizuna zalantzan jartzen duten ikerketa berriak ere azalduko ditut.

Antonio Arroyo, Julio Corral eta zu zeu izan zarete hau argitu dutenak...

Bai, herriaren historian sakondu dugu, eta agiri historikoetara jo dugu. Agirietan ez da izurrite horiei buruz hitz egiten, eta argi agertzen da herria 1930ko hamarkadan arrazoi arruntengatik hustu zela. Beste kontu bat da herriaren inguruan sortu diren istorioak, fenomenoak eta... hor interpretazioak oso zabalak dira, noski, baina historia osoa kontatu behar da. Otxaten gaudela aprobetxatuta, psikofoniaren bat eskuratzen saiatuko gara ere, bisita atseginagoa egiteko edo. Ziur nago gau horretan anekdota pila aterako direla, herrian gertatu diren kontuei buruz.

Zure ikerketetan ikuspuntu ireki bat erakutsi ohi duzu, baina eszeptizismoa mantenduta. Nola daramazu malabarismo hori?

"Zalantzak agertu bai, baina ukazioa, ez. Hori da niretzat benetan eszeptikoa izatea".

Badakizu eszeptiko hitza pixka bat kutsatuta dagoela, askotan eszeptikotzat hartzen baita guztia ukatzen duena; ezer ez sinesten ez duena. Badira hainbat elkarte jarrera horretan ari direnak. Horrelako istorio bat azaltzen den aldiro, berehala ukatzen dute, eskema logikoetan sartzen ez delako. Baina hiztegira jotzen baduzu, eszeptikoa da zalantzak agertzen dituena, gauzak zalantzan jartzen dituena. Hori da, hain zuzen, nik hartzen dudan jarrera. Zalantzak agertu bai, baina ukazioa, ez. Gero gertakari horien inguruan egiten den interpretazioa norberaren esku geratuko da.

Zure bizitzan misterioarekin egin duzu topo noizbait?

Nik zuzenean ikusita... bai eta ez. Esan nahi dut, ezohiko fenomenoen testigantza pila jaso ditut, eta horietako batzuk oso fidagarriak dira. Eta lekukoek zer ikusi duten galdetzen diozu zure buruari. Zerbait arraroa bizi duen lagun batekin egotean nabaritzen duzu feeling antzeko bat, eta orduan badakizu ez dagoela gezurretan.

Seguruenera urte hauetan guztietan txoriburuak igartzeko 'usaimena' garatuta izango duzu....

Bai, noski, horrelako asko ere badira, baina, diozun bezala, berehala antzematen zaie. Baina badira ere asko zinez sinesgarriak direnak, eta azalpenik ez duen zerbait kontatzen dizutenak. Adibidez, ertzain batek Aiurdingo tunelean ikusi zuena lehen eskutik azaltzen dizunean...

Arren, mesedez eta faborez, kontatu hori!

Kasu oso bitxia da, eta behin eta berriz horretan pentsatu dudan arren, ez diot azalpenik aurkitzen. 1984an gertatu zen, Aiurdingo tunelean [Zuia], Bilborako norabidean. Lopidan zegoen Ertzaintzaren patruila batek kontrol-zentrotik abisua jaso zuen, esanez tunelean zerbait beltza eta handia zegoela, eta bikote batek ia-ia istripua izan zuela horregatik. Pentsatu zuten, noski, txakur bat edo abereren bat izango zela. Baina, bertara iristean ertzainek ikusi zuten guztiz arraroa zen zerbait: hiru metro inguru izango zituen lagun bat zegoen tunelaren erdian, besoak gurutze itxuran jarrita, guztiz beltza eta sotana antzeko bat jarrita. Baten bat baldarkerietan zegoela pentsatu zuten orduan, baina segada terrorista baten aukera era pasatu zitzaien burutik. Autoarekin aurrera egin zuten pixkanaka, goiko errefortzu-argiak piztuta hobeto ikusteko. Orduan konturatu ziren zera horri ez zitzaiola aurpegia ikusten, ezta oinak ere, eta tunika beltz antzeko bat zuela. Armak eskuetan, autotik atera ziren ertzainak. Eta haien aurrean desagertu zen. Ez mugitu, ezta korrika atera: besterik gabe, desagertu. Zur eta lur geratu ziren. Aurrerago abisua emana zuen bikotea aurkitu zuten, Altubeko zerbitzugunean, guztiz izututa.

Argitaratu gabeko kasua zen. Nola topatu zenuen?

Egia esanda, txiripaz, beste gertakari baten atzean nenbilenean. Urduñako mendatean argi ezezagun baten jazarpena izan zuten ertzainen atzean ari nintzen, eta azkenean Jose Miguel Ahedo ertzainaren izena lortu nuen. Gaiari buruz galdetu nion, eta erantzun zidan ezetz, baina oso kontu bitxia bizi zuela Altuben. Hura sorpresa! Cuarto Milenion agertzea proposatu nionean, gainera, baiezkoa eman zidan, eta hor kontatu zuen guztia. Hau ez da beti horrela izaten: badira lekuko asko zuri kontatzeko prest bai baina telebistan edo beste hedabideren batean agertzeko prest ez daudenak. Ahedo erretiroan dago orain, eta hura ezagutu zutenekin hizketan ibili naizenean, kontatu didate oso lagun serioa dela. Pena da ez dagoela gertatutakoaren gaineko agiri ofizialik, istripua ez zelako gertatu. Abisua eman zuen bikote bilbotarraren berririk ez dut izan.

'Cuarto Milenio' saioko kolaboratzailea da Etxazarra, eta hara sona handiko kasuak eraman ditu. / MEDIASET

Zerk eraman zintuen misterioaren mundura?

Gaztea nintzela, liburutegi publikoan Parapsikologia eta zientzia ezkutuak izeneko atal batekin topo egin nuen behin, eta guztiz liluratuta geratu nintzen. Bertan kontatzen zirenak albistegietan zergatik ez ziren agertzen galdetzen nion nire buruari. Garai horretan, gainera, liburuetan agertzen zen guztia halabeharrez benetakoa izan behar zela pentsatzen nuen. Auzoko lagun batzuekin kasuak ikertzen hasi nintzen. Kuriosoa da, gutxi gorabehera garai horretan Iker Jimenez izeneko beste gazte bat Gasteizko kaleetan zebizelako ikertzen, baina ez genuen elkar topo egin. Berak Madrilera jo zuen gero, Enigmas aldizkarirako Otxateri buruzko erreportaje bat prestatzen ari zenean izan nuen berarekin lehen harremana.

Eta, ordudanik, misterioan mantendu zara...

Bai, nolabait esatearren, garai horietako xalotasuna edo sineskortasuna galdu dut agian, baina grina berdinarekin jarraitzen dut misterioari lotuta. Emazteak askotan galdetzen dit ea ez nagoen aspertuta horrekin; badakizu, beti handik-hona ibiltzeaz, kasuak ikertzen. Ba kasuak itxura hona badu, ez, horrek ez nau aspertzen. Badakizu ez duzula mamurik topatuko, baina misterioaren atzean ibiltzeak izugarri interesgarri diren lekuen ateak irekitzen dizkizu ere: jauregiak, gazteluak… historia zuzenean ikusten duzu. Adibidez, Andresito mamuaren istorioari jarraiki, San Frantzisko komentuaren historiarekin topo egin nuen, eta hor atzean dagoena ere izugarri interesgarria da. Duela gutxira arte gasteiztar gehienek ere ez zuten ezagutzen.

Asko aldatu al da ikertzeko modua?

Funtsean berdina da, baina modu zabalagoan egiteko aukerarekin. Kontu handiz ibili beharra dago, batez ere sare sozialen eta internet bidez iruzurrak azkar zabaltzen direlako, baina sareak oso erabilgarriak dira. Esaterako, horiei esker lortu nuen kasu mitiko baten lekukoak aurkitzea. 1978an gertatu zen, Bilboko aireportutik gertu. Aviaco konpainiako hegazkin bat hodei batean sartu zenean, hegazkineko gailu guztiak erotu ziren, iparrorratza izan ezik. Hodeitik ateratzean konturatu ziren ohikoa baino erregai gehiago kontsumitua zutela. Facebook bitartez hasita, gainkarguaren kontaktua lortu nuen, eta, honen bitartez, pilotuetako baten telefonoa. Oso abegitsua izan zen, eta benetan zer gertatu zen kontatu zidan. Esan zidan ere lehen aldia zela 40 urtetan norbait berari galdetzen ziona. Jende pila batek idatzi du kasuari buruz, batek bestari kopiatuta, eta izugarri puztu zen guztia. Halere, berretsi zidan egun horretan gertatutakoa ez zela batere normala izan.

Sinesgarritasun handiko lekukoak dira, ezta?

Bai, eta horrelako asko badira. Adibidez, San Zadornilen (Burgos) ere gaueko hegaztiak ikertzen ari ziren bi biologok kontatu zidaten izugarrizko istorioa. Errepidearen arekan sotanaz jantzitako emakume bat ikusi zuten, ile grisa zuena, eta lumineszentzia antzeko bat zuena. Haren alboan pasatzean ez zien jaramonik egin baina handik bi minutura berriro ikusi zuten, aurrerago, eta hor beldurtu ziren. Zer zen? Ideiarik ez. Baina horrelako ezohiko gertakari bat ikusten duten pertsonekin hitz egitea zoragarria da.

Erlazionatuak

Gasteizko misterioetan barrena

Juanma Gallego 2019 uzt 21 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide