Gasteizko misterioetan barrena

Juanma Gallego 2019ko uzt. 21a, 06:02
Hiri kondaira eratu da Julian de Zuluetaren mausoloaren inguruan. / ALEA

Hiriak gordetzen dituen hainbat istorio azaleratuko dira Enrique Etxazarrak gidatuko duen bisitaldian. Besteak beste, hiri kondairak, argi misteriotsuak eta naziak ere agertuko dira Gasteizko alde ilunean.

Hirira beste begirada batekin hurbiltzeko modua dago, misterioaren betaurrekoak jantzita, eta horixe egiteko asmoa du Etxazarrak. Santa Isabel hilerrian abiatzen da ibilbidea. Sakamantekas ehortzita dagoen hobi komunetik gertu dago ere Julian de Zulueta esklabistaren mausoleoa, eta horren inguruan sortu da hiri kondaira bat: hilobiaren gainean dagoen aingeruaren besoak seinalatzen badio, astebete barru hiltzeko zorian egon daiteke bisitari gixajoa. "Jendeak kondaira hori ezagutzen du, baina ez Zuluetaren istorioa, eta hori ere zinez interesgarria da", dio Etxazarrak.

Alde Zaharreko Hedegile kalera hurbilduta, Iker Jimenezen gaztaroari erreparatuko diote. "1980ko hamarkadari buruz hitz egingo dugu. Garai horretan Objektu Hegalari Ezezagun asko ikusi ziren Gasteizen, eta horren berri ematen zuten La Gaceta del Norte bezalako egunkarietan. Iker Jimenez gaztea OHE horien atzean ibili zen. Hurrengo jomuga Goiuri jauregia da, bertan mamuei buruzko istorio interesgarri bat dagoelako. "Birmoldatze lanak egin zituztenean isolatuta zegoen hilobi bat aurkitu zuen, eta horren inguruan ere istorio bat eratu da". Jauregia ireki zenean hasi zen komentatzen neska bat agertzen zela jauregian. "Arkeologoekin hitz egin dut, eta berretsi dute bertan testuinguru argirik gabeko hilobi bat agertu zela. Baina hor ere San Miguel elizaren atzeko aldea bazegoen, eta seguruenera hilobiratze arrunta izango zen". Dena dela –hortxe hiri kondairen magia–, mamuaren istorioa abiatu zen. "Bere garaian funtzionarioei galdezka ibili nintzen, baina ez nuen testigantzarik aurkitu. Ordutegi arruntetik kanpo bertan egoteko aukera izan nuen ere, baina ez nuen ezer arrarorik sumatu".

San Miguel alboan dagoela aprobetxatuz, XIX. mendean izandako gertakari bitxiak ekarriko dituzte gogora. "1897ko martxoan, El anunciador vitoriano egunkarian agertzen da gaiari buruzko kronika sorta bat. Kontua da Andetxaren inguruan argi arraro bat ikusten zela; ez zeruan, lurraren arrasean baizik. Argia jendearen atzetik zebilen, eta etxeetan sartzen saiatzen omen zen, jendea izutuz. Egunkarian jasotzen da nola San Miguelgo dorrearen kanpandorretik ikusten zen fenomeno bitxi hura". Egunkarian bertan azalpen logikoa aurkitzen saiatu ziren arren, ez zioten aurkitu. "Jendeak uste zuen arima herratua, deabrua edo iratxo bat zela".

Adatseko Andre Mariaren kalea bisitatuko dute amaieran, aspaldiko madarikazio bati buruz hitz egiteko, baina aurretik Plaza Berritik ere igaroko dira, bertan 1936an Kondor Legioko hegazkin batek lurra jo zuelako, eta gaiaren bueltan ere espekulazio ugari osatu direlako. "Askotan esan ohi da ez dagoela misterio-istorio onik naziak nonbaiten azaltzen ez badira. Bada, Gasteizen naziak biltzen dituen istorio on bat ere badaukagu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide