Luze joko du urteko gaurik laburrenak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko eka. 21a, 09:38
Judimendiko sanjoanak dira Gasteizko jendetsuenak. IREKIA

Suaren inguruan bilduko dira hurrengo asteburuan, Europa osoan bezala, Arabako herri askotan. Suak, dantzak, kantak, zuhaitzaren landaketa eta bestelako tradizioak gaurkotzeko eta berritzeko herritarrek egin duten lanari esker berreskuratu eta mantendu dira San Joan festak gure auzoetan eta herrietan.

Europa osoan piztuko diren suek udaren hasiera iragarriko dute igande iluntzean. Sanjoanak Arabako hainbat herritan ospatzen dira, udaberriari agur esan eta uda ailegatu dela ospatzeko. Solstizioak festa dakar, baita ere, San Joan gauaren aurretik eta biharamunean. Jaia, tradizioa, ohitura zaharrak eta berriak, ospakizun erlijiosoak eta paganoak. Denek bat egiten dute gau batez. Gaurik laburrenetarikoak luze joko du.

Sua da, dudarik gabe, San Joan jaiaren protagonista nagusia. Tradizio pagano zaharra da hori, eta oso errotuta dago gure herrialdean. Suak pizten dira han eta hemen, eta ohikoena sugarren gainetik salto egitea baldin bada ere, txistorrak eta odolkiak egiteko baliatzen dute herri batzuetan sua, eta ikasturteko apunteak erretzeko ere aprobetxatzen dute ikasleek. Suak espirituak uxatzeko balio du, eta purifikatzen duela uste da. Ez soilik gizakiak. Okondon ohikoa zen garai batean ganadua suaren errautsen gainetik pasatzea. Okondoko zaharren arabera, "suak arima duelako".

Orain, herriaren edo auzoaren erdian egiten dira suak Artziniegan, Amurrion, Legution, Aramaion, Judimendin edo Lakua-Arriagan, baina lehen baserri bakoitzean pizten zen sua. Baserriko jai horien lekukotza jasota dago Ahotsak.eus webgunean. Legutioko Maria Jesus Lopez de Bergarak holaxe dio: "Oin, oin eiten dira herri erdian, hemen inguruan eiten da su handi bat, eta ya esta!  Baiña ni gogoratzen naz, ordun herrian be igual ingo, ingo ziren, baiña ni nere denporan, nere gurasuak eiten aubien beti larreneko inguruak eta dana garbi-garbi egin, da eiten aubien pilla bat, pilla bat, eta gero, harei pilluari ematen zan sua, ta han ibiltzen gitzen jolasten, San Juan su inguruan…". 

Legution bezala, Aramaion ere baratza guztietan pizten zuten sua, piztiak uxatzeko. Bertan, gainera, San Joan sortie erretzen zuten, aurreko urtean bedeinkatutako loreekin. 

Zadorrako gutuna

San Joan inguruan Gasteizko jairik nagusiena Lakuako landan, Arriagako San Juan ermitaren inguruan ospatzen zuten, XIX. mendean. Erromeria eta suak egiten zituzten bertan, eta hurrengo goizean Arabako Batzar Nagusiak biltzen ziren. Batzarra aire zabalean egiten zuten, eta horretan aukeratzen zituzten urtebetez Araba gobernatuko zuten agintariak. Halaber, Zadorra ibaira gutun bat botatzen zuten agintariek, herrialdeko berezko eskubideak eta foruak aldarrikatzeko: "Paperak ibaian gora egiten ez duen bitartean ez dira Euskal Herriko askatasunak deuseztatuko". Ondoren, festa handi bat egiten zuten. Dantzak, ohorezko salbak eta zezenak ez ziren falta. 

Urterik urtera mantendu da Arriagako ermitaren inguruan suak pizteko tradizioa eta agintari politikoak zein erlijiosoak bertara hurbiltzeko ohitura. Gasteizko Judimendin, berriz, herrikoia da festa. Koldo Camon auzokideak azaldu duenez, "erromeria batetik sortu zuten festa modu herrikoian, eta 1975an egin ziren Polvorin parkean lehen sanjoanak". Bizilagun talde batek sustatu zituen, auzoa biziberritzeko asmoarekin. Duela bi urte ospatu zuten, gainera, Judimendiko jaietako kuadrillak martxan jarri zirenetik 25 urte. Esperimentu bezala hasi zen, eta arrakasta itzela izan zuen hurrengo hamabi urteetan; 250 lagun baino gehiago biltzera iritsi ziren jaien antolaketan. Egun, Judimendiko sanjoanetara jende andana hurbiltzen da suez eta giroaz gozatzera.

Sua piztea, baina, ez da San Joan bezperako ohitura bakarra. Horri eutsi diote herri gehienetan, baina beste tradizio asko galdu egin dira. Landareen artean, zuhaitzek garrantzi berezia dute sasoi honetan. Agurainen eta Done Bikendi Haranan, adibidez, makala altxatu egiten dute plazan udaren etorrera ospatzeko, klimatologiatik babesteko eta uzta ona eskatzeko. Villabuenan ere tradizioa berreskuratu zuten 2016. urtean.

Zuhaitza altxatzeko unea

Done Bikendi Haranan maiatzaren 3an izaten da jaia. Aurreko egunetan zuhaitza bota eta plazara eramaten dute. Bertan azala kentzen diote makalari eta sinbolo batzuk jartzen dizkiote, baita trapu zuri bat eta haize-orratza ere goiko aldean. Agurainen, berriz, gazteak dantzan eta kantuan ibiltzen dira zuhaitzaren inguruan San Joan gauean, eta, ondoren, enborrean gora egiten saiatzen dira. Suak abuztuaren 29an egiten dituzte Agurainen, San Joan Lepamoztuaren jaiarekin batera.

Landareak ere erabili ohi dira sanjoanen bueltan etxeko leihoak edo ateak apaintzeko, eta sendagarri bezala. Eginon ohitura zuten eguzki-loreak jasotzeko San Joan gauaren biharamunean. Gau berean, toki askotan, zuhaitzen adarrak ipintzen zituzten, eskuarki elorri zuria eta lizarra hostoak. Oso ohikoa zen herri guztietan lore sortak jasotzea eta elizara bedeinkatzera eramatea.

Dantzak eta kantuak ere San Joan ospakizunarekin lotuta daude, baina Araban ez dira koreografia asko gorde. Bakarrenetakoak dira Guardiako jai nagusian Katximorroarekin lagunduta egiten dituzten dantza sortak eta kalejira. Hamasei dantzarik parte hartzen dute, zortzi neskek eta zortzi mutilek, eta dultzainaren erritmora dantza egiten dute San Joan bezperan, arratsaldez. Arkuen dantza, Biasteriko jota eta Arbolaren dantza egiten dituzte. XX. mendearen hasieran ezpata-dantza ere dantzatzen omen zuten, baina hura galdu egin zen. Katximorroaren irudiari buruz gehienek gorteko bufoiarekin lotu badute ere, artzainen nagusiaren irudikapen batekin zerikusia izan dezakeela uste dute beste batzuek.

Erlazionatuak

San Joan festak nonahi

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 eka 20 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide