Lauko Finalerako pronostikoak, kirolaz harago

Istanbulgo Fenerbahçe taldeko zaletuek giro beroa izan ohi dute harmailetan. / Euroleague

Hiriak gainezka egingo du lau taldeetako 20.000 jarraitzaile inguru jasota.

Real Madrid, CSKA, Fenerbahce eta Anadolu Efes izango dira asteburuko lau aurkariak. Madrildarrak izan ziren iazko denboraldian garaile, eta aurten ere titulua eskuratzeko faborito dira. Lehen kanporaketan aurkaria CSKA izango dute. Talde errusiarra azken urteetako maila ematen ari ez bada ere, talde sendoa da ezbairik gabe eta etxeko taldea, Baskonia, bide bazterrean utzi ondoren indartuta etorriko dira Gasteizera.

Beste aldetik, Final Fourrean lehen aldiz, bi talde otomandar aurrez-aurre. Fenerbahce denboraldi osoan zehar talde sendoena izan dena, eta, iazko finala galdu ondoren, titulua begiz jota izango duena. Aldez aurretik, ordea, Istanbulgo arerio ezaguna kaleratu beharko dute: Andadolu Efes. Bi talde hauetako zaleak sutsuak direla erakusten dute partida guztietan, eta Lauko Finalean giro beroa biziko dela agerikoa da. Elkarren artean izan dezaketen jokabidea da segurtasun arduradunen kezka nagusienetakoa egunotan, eta liskarrak ekiditeko lurraldean inoiz ikusi gabeko segurtasun neurriak ezarriko direla aurreratu dute.

200 herrialde ezberdinetan jarraitu ahalko da Lauko Finala telebista bidez

Orotara, 20.000 lagun inguru jasoko ditu Gasteizek asteburu osoan zehar, eta hiriak eskaera horri erantzuten asmatzeko lanak izango ditu. Hotelak gainezka daude aspaldi, eta atzerritik etorritako zaletu asko Bilbo edo Donostian ere hartzen ari dira ostatu.

Salmentan jarritako sarrera guztiak berehalakoan agortu ziren eta eserleku gutxi batzuk bakarrik geratzen dira eskuragarri, urrearen prezioan. Hori bai, poltsikoa bete diru dabiltzanen kasuan, aukera zabalagoa ere bada. Esaterako, 3.500 euro ingururen truke, lehen lerroko jarlekuaz gain, Euroligako jokalari ohiekin saskibaloi partida bat jokatzeko aukera ere izango dute, parkina atean bertan, otorduak buffetean, jazz musika zuzenean propio egokitutako tabernan, izarrekin hartu-emana izateko aukera...

Txapelketak lurraldean ere izango du eragin ekonomiko nabaria; 50 milioi inguru aurreikusi dituzte antolaketan parte hartzen duten Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Jaurlaritzak. Oparotasun hori ez da tamalez denon eskuetara iritsiko, eta izaera horretako ikuskizun bat antolatzeak mugitzen duen dirua kontuan hartuta, "doako eskulana" sustatzen dela salatzeko krititak ere entzun ahal izan dira azken hilabeteotan. Gogoratu beharra dago, antolakuntzak 170 boluntario bilatzeko deialdia egin zuela, eskakizun maila altuak ezarriz gainera, eta modu profesionalean garatu beharko litzatekeen lanpostuen baldintzapean. Ospakizuna izan dadila denon mesedetan, eta irabaz dezala onenak.

Erlazionatuak

Gasteiz, saskibaloiaren hiriburua

Araba

Asteburuan aurrez aurre arituko dira Gasteizen Europako lau talde onenak Euroligako Lauko Finalean. Ikuskizunak mundu mailako oihartzuna izango du,...
Emakumeak dira Arabako saskibaloiaren benetako aitzindariak

Araba

1.940. urtekoak dira, Araban, saskibaloi partida bat jasotzen duten lehen irudiak.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide