Gasteiz, saskibaloiaren hiriburua

Aritz Martinez de Luna 2019ko mai. 12a, 06:00

2018ko Lauko Finala Belgradeko Kombank Arena kantxan jokatu zen. / Euroleague.net

Asteburuan aurrez aurre arituko dira Gasteizen Europako lau talde onenak Euroligako Lauko Finalean. Ikuskizunak mundu mailako oihartzuna izango du, eta Gasteiz mapan kokatzeko aukera emango du. Txapelketa inguruan mugitzen den guztiak, gainera, emaitza ekonomikoa izango du lurraldean.

Inor gutxik jarriko du zalantzan Gasteiz saskibaloiarekin hertsiki lotuta dagoen hiria denik. Baskonia izen entzutetsua bilakatu da Europan azken hamarkadetan, eta Gasteizko taldeak hiriburuaren izena paparrean zabaldu du kontinente zaharreko bazterretan. Oraingoan, etxeko taldearen babesean ez bada ere, saskibaloi zaletuak Gasteizera begira egongo dira hurrengo asteburuan. Kasu askotan gainera, lehendabizikoz, gure herria mapan kokatzeko gai ere izango dira. Hemen da 2019ko Final Four handia.

Estatu Batuetako NBA txapelketa ondoren, Euroliga omen da mundu mailako saskibaloi txapelketarik garrantzitsuena. Europako hamasei talde onenak biltzen dituen lehiaketa izanik, lehiaketaren ikusgarritasuna ezin liteke zalantzan jarri, eta beste horrenbeste esan daiteke parte hartzen duten taldeen botere ekonomiko, jokalarien kalitate, hedabideen jarraipen maila edota zaletuen babesari dagokionez ere. Txapelketaren atzetik mugitzen den negozioa ulertzeko, zertzelada bat ematearren, datorren asteburuan jokatuko den Lauko Finala 200 herrialde ezberdinetan jarraitu ahalko da telebistaz; horien artean aipagarriena Txina erraldoia. Bertan, satelite bidezko 800 plataformari esker, Zurbaoko kantxa beraien etxeetan ikusteko aukera izango dute 245 milioi etxebizitzatan. 

Egunez egun handitzen doan txapelketa da Jordi Bertomeu katalanak zuzentzen duen Euroliga. Urtero emaitzak hobetzen doaz, eta dirua egiteko makina martxan jartzen asmatu duela pentsa genezake.

Txapelketaren jatorria

Jatorrizko Europako Koparen oinordekoa da gaur egungo txapelketa, baina antzekotasun gutxi dauka 1958an FIBAk (Europako Saskibaloi Federazioen Elkarteak) abian jarri zuen lehen txapelketa harekin. Lehen urte horietan, herrialde bakoitzeko txapeldunek parte hartzen zuten lehiaketan, eta, gainontzeko kirol askotan gertatzen zen bezalaxe, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko herrialdeak ziren nagusi (Rigako Armijas Sport Klub, Tbilisiko Dinamo, –edo azken asteetan sobera ezagutu dugun– Moskuko CSKA, esate baterako).

Gerra Hotzaren garaiak ziren horiek, eta, gaur egun baino modu nabariagoan, politika kirolarekin zuzenean nahasten zen askotan. Esaterako, Francoren aginduz, Real Madrilek ezin izan zituen 1960an sobietarren kontrako kanporaketak jokatu, eta txapelketatik kanpo geratu zen talde zuria.

C.D. Vasconia 1.959. urtean eratu zen ofizialki. / Baskonia

Zadorra inguru hauetan, aldiz, 50 eta 60. hamarkadan saskibaloia ezezaguna zen herritar gehienentzat. Ez zegoen saskibaloi txapelketa antolaturik, hirian ez zegoen ganorazko kantxarik, umeek ez zuten jolas-orduan saskibaloian jokatzeko ohiturarik eta gutxi batzuk bakarrik ulertuko zuten estatubatuarrek asmatutako joko berri horren arautegia. Xabier Añua jokalari eta entrenatzaile ohia izan zen kirol hau gurera ekartzen lehenetarikoa, eta ALEAri bere egunean eskainitako elkarrizketan aitortu zuen bezala "Kuartelean bakarrik jokatzen zuten saskibaloian hasieran... beste guztiok ez genuen ezagutzen... jokatu nahi genuen bakoitzean saskiak muntatu eta klarionekin marrak margotu behar genituen...". Zalantzarik gabe, Añuak ez zuen inoiz pentsatuko Gasteizek datorren asteburuan ikusiko duena biziko zukeenik.

"Jokatu nahi genuen bakoitzean saskiak muntatu eta marrak margotu behar genituen" XABIER AÑUA.

Baskonia bera, edo hobe esanda Club Deportivo Vasconia, testuinguru horretan sortutako taldea izan zen. 1952an jokatu zuen bere lehen partida eta lau partidako liga jokatu zuen, bakar bat irabaztea lortu gabe (gaur egun Baskoniak 80 partidatik gora jokatuko ditu Liga, Euroliga eta Kopa tarteko). Argi dago saskibaloia ez zela joko ospetsua garai hartan, eta futbolaren itzalean sortutako taldeak ez zuen aparteko ibilbiderik izan lehen urte horietan. 1959tik aurrera, ofizialki eratu eta gorakada izan zuen taldeak, besteak beste Añua bezalako aitzindariei esker. Araba mailako txapelketa zenbait aldiz irabazi ostean 1969an hirugarren mailara igotzea lortu zuen, eta lehen aldiz Arabako mugak gainditu zituen talde arabarrak. Jarraian etorri ziren, Pepe Laso Real Madrideko jokalari ohiaren gidaritzapean, maila igoerak eta gaur egun Endesa Liga ACB bezala ezagutzen den Liga Nazionalerako sailkatzea.

Asoziazio Kopa izan zen Baskoniaren lehen titulua 1.986. urtean. / CP Doncel

Baskoniaren lehen titulu garrantzitsua 85/86 denboraldiko Asoziazio Kopa izan zen. Xabier Añuaren gidaritzapean eta gaur egun zaletu gehienen artean ezagunak egiten zaizkigun aurpegi gaztetxoak tarteko (Josean Kerexeta, Alberto Ortega, Iñaki Garaialde, Pablo Laso...), bere lehen garaikurra lortu zuen Baskoniak.

"Garaipen honi esker taldeak Europan lehiatzeko aukera izango du. Kluba goranzko bidean jartzeko urratsa izan da" JOSEAN KEREJETA.

Hemeroteka gainbegiratuta, partida ondorengo adierazpenetan Baskoniaren etorkizunak eman zezakeenaren lehen printza jasota geratu zen. Josean Kerexetaren hitzak izan ziren honakoak: "Oso garaipen garrantzitsua izan da guretzat, eta honi esker datorren urtean taldeak Europan lehiatzeko aukera izango du. Kluba goranzko bidean jartzeko urratsa izan da". Begi ona izan zuen egungo presidenteak, eta taldeak goranzko joera horri eutsi dio urteen joan-etorrian.

Kirola eta interes ekonomikoak

Hamarkadatan zehar Baskoniak bizi izan duen bilakaera, zentzu handi batean, saskibaloiaren garapenarekin berarekin lotuta egon da.

G87/88 denboraldian, ikuskizunaren mesedetan, lehiaketaren formatua aldatu zuten, eta gaur egun ezaguna egin den Final Four eredua behin betikoz ezarri zen. Liga erregularraren ondoren, lau talde onenak elkarren artean lehiatzen dira, asteburu bakarrean, aldez aurretik izendatutako hiriburuan.

FIBAk abiatu zuen txapelketa eredua, ordea, ez zen itxuraz aro berriek eskatzen duten eredu ekonomikora egokitzen, eta azken hamarkadan aldaketa nabarmenak jaso ditu. Hasteko, txapelketaren jabetza bera ere eskuz aldatu da. Europako talde nagusiek, Baskonia tarteko, Europako Saskibaloi Federazioen Elkarteak telebista eskubideetatik eratorritako diru sarrerekin egiten zuen banaketarekin desadostasuna adierazi zuten 2000. urtean.

Eredua aldatzen ez zela ikusita, lehiaketatik alde egin zuten eta beraien kabuz lehiaketa propioa sortu zuten. FIBAk, bere aldetik, urteetan zehar erabilitako Euroleague izena marka bezala erregistratu gabe zuenez, talde nagusiak galtzeaz gain, izena bera ere galdu zuen. Urtebetez, 00/01 denboraldian, bi txapelketa egon ziren indarrean, baina sortu berria zen Euroleague Basketball enpresak hartutako boterea nagusitu egin zen eta FIBAk amore eman behar izan zuen, talde guztiak txapelketa berrira mugiaraziz. Horixe da hain zuzen gaur egun Turkish Airlines Euroleague bezala ezagutzen dugun txapelketa "berria". 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 192 zenbakian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago