"Benetako pribilegioa izan da Egipton arkeologia egitea"

Juanma Gallego 2019ko urt. 19a, 06:00

Amenhotep-Huy Bisirra proiektuarekin induskatzen ibili da Silvia Carretero. / CARLOS VALLADARES

Amenhotep-Huy bisirraren hilobia induskatzen ibili da Silvia Carretero gasteiztarra, duela hiru milurteko aztarnak berreskuratzeko. Arkeologiarekiko grina aspalditik eduki arren, urteak zeramatzan induskatu gabe, eta "bizitzak emandako gozokitzat" hartu du orain aurkeztu zaion aukera.

Historia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta arkeologia oso gustuko izan arren, dokumentazioaren alorrera bideratu du lanbidea Silvia Carreterok (Gasteiz, 1979). Horretan dabil lanean 2005etik, Artium museoko dokumentazio zentroan. Duela gutxi Amenhotep-Huy Bisirra misioan parte hartu du, Egipton, Akenaton faraoi ospetsuaren aitaren zerbitzuan aritutako bisirraren hilobia induskatzen. Botetan sartutako hondarra ez ezik, "oroitzapenak eta lagun onak" ere ekarri ditu bueltan, amets bat errealitate bihurtuta ikusteko poztasunarekin batera.

Nor izan zen Amenhotep-Huy bisirra?

Amenhotep III.a faraoiaren zerbitzuan ibilitako agintaria izan zen, XVIII. dinastiakoa, Inperio Berriaren barruan, Kristo aurreko 1360-1353 urteen bueltan. Hilobia Asasif-en (Luxor) kokatuta dago, Hatxepsut erreginaren tenplutik 400-500 metro ingurura. 1978an esploratu zuten aurrenekoz, eta 2009an induskatzeari ekin zioten IEAE Antzinako Egipto Ikertzeko Institutuko kideek, Francisco Martin-Valentin eta Teresa Bedman doktoreen gidaritzapean. Ordudanik, urtero hainbat kanpaina egin dira, eta nik azken honetan parte hartu dut, azaroaren 20tik abenduaren 17ra bitartean.  

Orain arte, zer aurkitu da bertan?

Zaila da laburbiltzea, baina aurkikuntza garrantzitsuak izan dira. Adibidez, 2013an lau zutabetako fusteak aurkitu zituzten, eta horri esker informazio garrantzitsua eskuratu zen. Informazio horrekin, baliteke orain arte guztiz argi ez dagoen historiako pasarte bat argitzea: Amenhotep III.aren eta haren seme Amenhotep IV.aren arteko erregeordetza nolakoa izan zen hobeto ezagutzea, hain zuzen. 2014an Amon-Ra jainkoaren kantariaren sarkofagoa aurkitu zuten: oso ederra, polikromatua; eta handik urtebetera apaiz baten sarkofagoa aurkitu zuten. 2016an ikusi ahal izan zuten nola une jakin batean hilobiaren eraikuntza bertan behera utzi zuten.  

Garai gatazkatsuak izan ziren horiek Egipton, ezta?

Hala da. Amenhotep IV.ak Aton jainkoa gurtzeko monoteismoa ezarri zuen, non eta ehunka jainko zeuden herrialde batean. Faraoiak Akenaton izena hartu zuen, eta erabaki horrek kultu politeistaren edozein arrastoren hondoratzea ekarri zuen. Amenhotep-Huy bisirra Amonen aldekoa zen.

Nola lortu zenuen bertan induskatzeko aukera?

Sare sozialen bitartez ezagutu nuen Antzinako Egipto Ikertzeko Institutua. Tira, sare sozialek kritika asko jaso ohi dituzte, baina inoiz irudikatuko ez zenituzkeen munduak aurkitzeko aukera ematen dizute ere. Inoiz ez zait ahaztuko: iazko urtarrilean iragarki bat ikusi nuen, Egipton induskatzeko aukera eskaintzen. Nire profila ez zela egokia izango pentsatu nuen, aurretik arkeologia egin badut ere, horretara ez dudalako bideratu nire jarduera profesionala. Halere, azken egunean animatu nintzen hautagaitza aurkeztera. Teresa Bedmanek erantzun zidan, baina nik ez nuen mezu hori ikusi zortzi egun igaro arte, spam karpetan sartuta nuelako! Taldearen barruan nengoela esan zidatenean izugarrizko poza hartu nuen. Oso une berezia izan zen. Egipton induskatzeko ateak irekita nituen!

Ez al zenuen bada zure burua ikusten horretarako?

Ez. Pentsa ezazu nik arkeologia egin nuela, baina aspaldian. EHUn ikasten ari nintzela, jo nuen lehen atea Historiaurreko Sailarena izan zen. Beti oroituko naiz Andoni Saenz de Buruaga irakasleak ematen zituen eskolez. Hark Mikel Agirrerengana bideratu ninduen, eta berarekin 1999an Antoliñako koban [Urdaibai, Bizkaia] hasi nintzen induskatzen. 2005. urtera arte ibili nintzen bertan eta beste hainbat indusketetan, eta oso gustuko banuen ere, dokumentaziora bideratu nuen nire jarduera profesionala. Zentzu horretan, pribilegiatutzat dut nire burua, orain Artiumen horretan lanean ari naizelako, Dokumentazio Zentroan, ondareari lotuta.

Halere, arkeologiarekiko zirrara mantendu duzu...

Horixe da. Horregatik zorte asko izan dut. Esango nuke hau izan dela bizitzak emandako gozoki bat. Ia-ia esan daiteke disfrutatzera joan naizela Egiptora. Amenhotep-Huy Bisirra misioan parte hartzen duten gehienak arlo akademikoan espezializatuta daude. Horregatik, hasieratik proiektuari buruz argitaratua zegoen guztia irakurri eta entzun nahi izan nuen. Hor konturatu nintzen Egipton lan egitea oso konplikatua dela, formazioa eta esperientzia bat behar duzula. Baina IEAEkoek lana asko errazten dute, eta bertara beraiekin lan egitera doazen ikasleak eta arkeologoak asko zaintzen dituzte. Indusketan pieza bereziren bat ateratzen zenean, Francisco Martin-Valentinek hortxe bertan ematen zizkigun azalpenak, eta galdetzen zigun ea zer ondorio ateratzen genituen pieza horretatik. Egun batean Teresa Bedmanen alboan induskatzeko aukera izan nuen, eta oso polita izan zen berari zuzenean galdetu ahal izatea artean hedabideetan besterik entzunda ez nituen hainbat kontu. Diziplina arteko taldea osatuta dutenez gero, asko ikasten da, gainera: zaharberrikuntza, arte ederrak, historia… horretan guztian adituak daude bertan.

Filmetako kontua dirudi. Berezia izan behar du Egipton arkeologia egiteak, ezta?

Esperientzia zoragarria da guztiz. Egia esatea nahi baduzu, ni arkatz batekin hunkitzeko gai naiz [barrez], baina historiarekiko eta ondarearekiko gutxienezko sentsibilitate bat baduzu, gozatu ederra da, amets baten antzekoa. Kokatu zure burua: duela 3.000 urte norbaitek objektu bat utzi zuen, eta zu zara gero objektu hori hartzen duen lehena. Hiru milurteko di-da batean igaro dira bi une horien artean, film batean bezala. Nolatan ez da izango bada zoragarria?

Hemen egindako lanekin alderatuz, asko aldatzen al da indusketa egiteko modua Egipton?

Bai eta ez. Batetik, egia da zenbait arlotan ez duela zerikusirik. Paleolito aroko aztarnategi batean laban txiki bat sartu eta nahi gabe lasai asko mila urtetako estratuak suntsitu ahal dituzu. Horregatik oso indusketa pausatua egin behar duzu, erratza pasa eta guzti. Egipton, aldiz, induskatzeko tresneria oso desberdina da: pikotxa edo aitzurra erabiltzen dituzu. Baina, metodologia aldetik, kontu berdinarekin jokatu behar duzu. Oso modu txukunean eta metodikoki induskatu behar duzu, jasotzen den guzti-guztia ondo dokumentatuz. Gero objektu horiek ikertzen dituztenek oso ondo jakin behar dute zehazki non eta nola aurkitu diren jasotako materialak. Zentzu honetan, konturatu naiz Andoni Saenz de Buruaga, Mikel Agirre edota Alfonso Alday bezalako irakasleek ederki irakatsi zidatela arkeologia egiteko modua.

Irakasle horiengandik jaso al zenuen arkeologiarekiko grina?

Irakasleek asko irakatsi zidaten arkeologiari buruz; baina, egiptologiari dagokionean, gure aita izan zen bereziki grina piztu zidana. Tamalez, aitak ezin zuen ikasi, baina Egiptorekiko zaletasun handia zeukan. Unibertsitaterako hautaproba egin eta gutxira, atzerrira familian egin genuen lehen bidaiaren jomuga Egipto izan zen, hain zuzen. Bidaia horri esker, aukera izan dut ikusteko azken hogei urte hauetan herrialdean izan den bilakaera.

Eta zein alde dago garaiko Egiptoren eta oraingoaren artean?

Gauzak asko aldatu dira. Oinarria berdina izanda ere, egoera politikoa oso desberdina da. Nik uste dut haien ondareari buruz duten kontzientzia askoz handiagoa dela orain, eta jakin badakite turismoari begira ondare hori zaintzeak duen garrantzia. Terrorismoa dela eta, segurtasuna asko handitu da, eta monumentuetan sartzeko kontrol asko igaro behar dira. Herrialdean izan diren azken atentatuek eragina izan dute horretan, baina badirudi horien gainetik turismoa gorantz doala berriro. Ulergarria da. Dena dela,  nik inoiz ez dut beldurrik izan. Zentzu horretan, herrialde segurua dela esan beharra dago.

Nolakoak izan dira bertan emandako egunak?

Ea, aitortu behar dizut nik ahaztuta neukala zer den bizitzea zure familiakoa ez den beste batzuekin. Baina beldurrik gabe joan nintzen, jendearekin ondo moldatu ohi naizelako. Eta benetan elkartasun handiko giroa izan da bertan topatutakoa, denok lagundu dugu elkar. Kanpaina bakoitzean induskatzera joandako jendeaz gain, misioan badira beti parte hartzen duten profesionalak, hala nola Sergio Sistac, Marina Esteve, Daniel Garcia edo Mario Mendez, eta horiek asko irakatsi digute. Bestetik, ni bezala aste batzuetan bertara induskatzera joan diren lagun asko egon dira, eta ederki moldatu gara: Laura Madurga, Joaquin Lopez Bachiller, Carlos Valladares, Paula Asem... Egiptoko profesionalak ere badira, eta horiek izugarri ondo ezagutzen dituzte aztarnategiak. Izan ere, horietako batzuk ia-ia aztarnategien alboan eman dute bizitza osoa. Hizkuntzari dagokionez, gazteleraren, ingelesaren eta arabieraren arteko hizkera multzo bitxia osatu genuen. Ez zen inolaz ere izango ingelesarik joriena, baina elkar ulertzen genuen, eta hori zen garrantzitsuena.

Ez da izan zure abentura bakarra, aurrekoan ere Mars Gaming espedizioan parte hartu zenuelako.

Bai, Miguel Gutierrez Garitanok 2015ean Perura antolatutako espedizio horretan sartu ninduen. Bidaia prestatzeko antolaketa izan zen nire ardura nagusia, bereziki dirua biltzeko crowfunding kanpaina antolatzen ibili nintzen. Zoritxarrez, lana zela eta, bidaiak iraun zituen hiru asteetatik bitan baino ezin izan nuen egon, eta horrek pena izugarria eman zidan. Oso bidaia gogorra izan zen, baina bertan aurkitutako inken santutegi hori ere aurkikuntza liluragarria izan zen, duda izpirik gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide