"Iraken komunistak eta faxistak batera ari dira; zoratzekoa da"

Juanma Gallego 2017ko urr. 19a, 12:42
Gutierrez-Garitanok inken azken erreinua du hizpide azkeneko liburuan. Irudia: Juanma Gallego

Idazle eta bidaiaria. Mapetan jadanik hutsune zuriak ez daudela dio, baina mundua istorio harrigarriez beteta dago. Horiek ezagutu, ulertzen saiatu eta besteei kontatzea da Gutierrez-Garitanoren grina.  

Bizkaian jaio bazen ere, txikitatik Araban bizi izan da Gutierrez-Garitano (Galdakao, 1977), eta familia ere bertokoa da. Besteak beste, Ginea, Brasil, Ekuador, Peru, Mendebaldeko Sahara, Irak eta Artikoa bisitatu ditu, eta leku horietan guztietan istorio harrigarriak aurkitu ditu. Orain Vilcabamba. El reino escondido (La Esfera de los Libros) izeneko liburua kaleratu du.

Nondik datorkizu esploratzeko grina?

Nik esango nuke liburuei esker datorkidala. Txikitatik asko gustatu zait irakurtzea, eta etxean beti liburu artean bizi izan gara. Amonak Odisea eta Iliada oparitu zizkidan, eta batez ere Odiseak harrapatu ninduen. Bestetik, Alvaro Iradierrekin batera, nire aitak Elkarte Afrikanista sortu zuen, eta Diputazioak haren liburuak berrargitaratzea lortu zuten. Historia eta kazetaritza ikasi nituen, horiek direlako nire pasioak. Funtsean, niretzat bidaiatzea tresna bat besterik ez da. Bidaietan ikusten ditudan istorio interesgarriak besteei kontatzea da nire ardura. 

Esploratzaileei buruz ere asko idatzi duzu...

Bai, oso ezagunak ez diren istorio kolonialak berreskuratzea gustatzen zait. Noizbait euskal esploratzaileen historia idaztea gustatuko litzaidake: bale arrantzaleak, konkistatzaileak, piratak, emigranteak, jesuitak... istorio asko daude horien atzean. Pentsa, adibidez, Andres de Urdaneta izan zela globalizazioaren ibilbidea ireki zuena, eta Elkano izan zela Lurrari buelta eman zion lehena.

Ez al diozu beldurrik politikoki zuzenak ez diren saltsa horietan sartzeari?

Tira, hori oso lazgarria da. Iragana gaurko moralaren eta irizpide politikoen arabera epaitzen dugu gaur egun. Esaterako, Peruri buruzko liburua idatzi berri dudan honetan, Madrilgo lagun batek errieta egin dit, esanez espainolak oso gaizki utzi ditudala, baina Perun justu kontrakoa leporatu didate. Duela urte batzuk ere euskal bidaiariei buruzko bilduma bat prestatzeari ekin nion, eta kriston liskarrak egon ziren. Nafar batzuek ez zuten euskal bidaiari gisa agertu nahi, eta beste batzuk bai. Genero parekotasunari zegokionean, saiatu nintzen emakumeak sartzen baina askok ez zuten parte hartu nahi; halere, esan zidaten ez nintzela saiatu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka bilatzen. Gai askotan gertatzen da. Espainiako Elkarte Geografikoko kidea naiz, eta euskal bidaiarien inguruko proiektu hori noizbait egiten badut, ziur nago baten batek kutsu politikoa bilatuko diola. Berdin zait, konturatu naizelako ezinezkoa dela halako gaiak jorratzea inor mindu gabe. 

Euskal esploratzaileei buruzko liburu horrez gain, zertan ari zara orain?

Azken urteotan Daesh eta salafismoaren fenomenoa lantzen ari naiz, eta horregatik 2015ean eta 2016an Irakera joan nintzen. Daesh zergatik sortu zen ulertzea izan da nire asmoa, eta, batez ere, bertara borroka egitera joan diren kanpoko borrokalarien gaia asko interesatu zait. Frontean zehar ibili nintzen, Europatik bertara iritsitako gerrillariekin hitz egitera. Mundu guztiz bitxia topatu nuen bertan. Frantsesak, espainolak edota amerikarrak daude bertan, eta horietako batzuk soldadu ohiak dira. Askorekin zalantza izan nuen, desira pertsonalagatik bertan ote ziren ala norbaitek hara berariaz bidali ote zituen. Baina denetarik zegoen. Espainolen artean, adibidez, alde nabarmena zegoen. Komunistek eta faxistek batera borrokatzen zuten. Falangista bat ezagutu nuen. Berak esaten zidan ez zegoela bertan motibazio politikoengatik, baina hona bueltatu eta ikertzen hasi nintzenean konturatu nintzen hemengo ordezkaritza lanak egiten zizkiona Madrilgo Falangeko nagusia zela. Propaganda zirkuitu osoa eratuta zuten. Beste baten kasuan, lagun hori antifaxista zen, eta hemen propaganda guztia halako taldeek egiten zioten. Horien artean, batzuk Ukrainako gerratik joandakoak ziren, hasierako ilusioa galduta. Izan ere, hara joandakoak ziren komunismoaren alde egiteko, baina, gerora, horren atzean Errusiako inperialismoa besterik ez zegoela konturatu ziren. Halere, azkenean gehienak Siriara joan dira borrokatzera, bertan benetan Daesh taldearen kontra aritzeko aukera dutelako. Egunotan, kurduen eta irakiarren arteko liskarra handitu da, eta horrek asko mintzen nau, bi aldeetan adiskide handiak ditudalako.

Ekialde Hurbilean gertatzen dena ulertzeko gai zara?

Inolaz ez. Egoeraz gero eta gehiago jabetuz, orduan eta gutxiago dakizula konturatzen zara. Erbil hiriko hotel batera joan nintzen, bertan konplexutasun horretaz jabetzen zara. Batetik, tatuaiez betetako mertzenarioak zeuden, eta, alboan, negozio gizonak. Kaosean profitatzera doan banda baten modukoa da, putreak sarraskira doazen era beran. Hotel horretan jendea elkarrizketatzen hasi nintzen, eta petrolioaren handi-mandi bat ere aurkitu nuen. Salerosketan ari zen, baina, aldi berean, Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntza ematen zien, aurpegia zuritzeko edo. CIAk berak sortu ditu erakunde hauetako batzuk. Beste batzuek, berriz, asmo ona dute, baina egoera korapilatzea besterik ez dute lortzen. Badira kristauak diren GKEak, kristauei baino laguntzen ez dietenak. Tira, zoratzeko modukoa da. Petrolioaren negozioan aritzen den lagun horrek esan zidan guda frontera hurbildu ahala, orduan eta gutxiago ulertuko nuela egoera, hoteletan eta bulegoetan egosten baita dena. Petrolioaren merkatari horri galdetu nion ea Daeshi petrolioa nork erosten zion, eta guztiek erosten zutela erantzun zidan. Arrazoi sinplea dago horren atzean. Petrolioaren kontrabando sarea Sadsam Husseinen garaian eratu zen, irakiarrei blokeoa ezarri zietenean. Agertu zenean, Daeshek horren agintea eskuratu zuen, baina kontrabandorako ezarrita zegoen plataforma bere horretan mantendu zen. Daeshek ez zu ezer aldatu. Jende berdina dago betikoei petrolioa erosten. Delinkuentzian oinarritutako sistema bat da, baina guztiek etekina ateratzen diote. Turkia, adibidez, asko aberasten ari da horri esker. Finean, mundu mailako gerra bat dago, eta aliantzak oso korapilatsuak dira, eta gauzak ez dira diruditen bezain errazak. Adibidez, kurduak Israelen aliatuak dira, biek ala biek etsai komuna dutelako: arabiarrak. Horregatik batu dira. "Nire etsaiaren etsaia nire laguna da" leloak dioen moduan. Gure artean, berriz, badago jende asko kurduen aldekoa eta Israelen aurkakoa dena, baina eurak elkarlanean ari dira.

Gutierrez-Garitano Iraken

Musulmana den Azerbaijan eta Israel ere aliatuak dira, adibidez...

Bai, egoera oso nahasia da. Horregatik, hain zuzen, nire asmoa ez da hilabete bateko bidaia batean korapilatsua den egoera bat argitzea. Hori ausartegia izango litzateke, nire ustez. Nik bidaia kontatzen dut, ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz. Badakit gero soilik batzuek irakurriko dutela, bidaia arriskutsua dela eta diru asko galduko dudala, baina berdin zait. 

Arriskuak aipatu dituzu. Egoera zailean egon al zara inoiz?

Zorionez ez dut inoiz susto handiegirik izan. Mosul hirian sartzean, bai, bertan frankotiratzaileak zeudelako. Mendebaldeko Saharan ere egoera kaskarrean egon nintzen. Marokok ezarri zuen harresitik gertu nengoen, eta bertako bati galdetu nion ea ezagutzen zuen kanpatzeko leku aproposen bat. Eremu bat erakutsi zidan, eta kasu egin nion. Bertatik ibiltzen hasi nintzen, eta gauza arraroak ikusten hasi nintzen: botatako arropak, maletak... susmo txarra hartu nion. Bat-batean, kanping-gasa zirudiena ikusi nuen. Labanarekin ukitu eta objektu hori mugitzen hasi nintzen. Soldadu batek oihu egin zidan: "Baina zer egiten duzu hor, alu hori!". Zorionez, ez zen pertsonen kontrako mina bat, ibilgailuen kontrako mina baizik. Horri esker, ez zuen eztanda egin. Egia esanda, nahiko txoriburua izan nintzen, baina eremu hori erakutsi zidan pertsonak seguruenez ez zuen intentzio onik izan.

Posible al da XXI. mendean esploratzailea izatea?

Askotan esploratzailetzat jotzen naute, baina ez da horrela. Gehien jota, istorioen esploratzailea naiz. Gaur egun, benetako esploratzaileak astronautak edo zientzialariak dira. Mapetan zeuden hutsune zuriak beteta daude jada. Orain aurrean dugun espazioko hutsune beltz handi hori da esploratu behar dena.  Baina, beste zentzu batean, esplorazioak martxan daude oraindik. Egipton Djehuty-ren momia bilatzen ari diren arkeologoak; horiek, adibidez, esploratzaileak dira, nire ustez. Ni jada ez naiz kazetari profesionala, eta kronista bat naizela esango nuke. Liburuei misteriozko kutsua ematen diet, eta asko gustatu ohi den sepia kolore horretaz zipriztintzen saiatzen naiz. Kutsu horrekin, interesa sortzen duten istorioak kontatzen saiatzen naiz.  Tira, adibidez, nori ez zaio interesatuko ba hiri galduen historia? 

Hiri horien bila aritu zen Fawcett koronelaren pausuak jarraitu dituzu. "Z" hiri galdua topatu al duzu?

Horren haritik nik badut teoria bat: uste dut badakidala nora zihoan Fawcett. 2009an Brasilera joan nintzen, besteak beste, hori argitu nahian. Berak bilatzen zuen hiri galdu hori benetan Roncador mendilerroa eta Chapada dos Guimaraes direla uste dut: egitura naturalak, hain zuzen. Zientziaren ikuspuntutik, Fawcett nahiko kaskarra zela esango nuke. Gaur magufo deituko genioke, esaten zioten guztia sinesten zuelako. Fawcettek dorre eta hiriei buruz galdetzen zien indiarrei, nori eta Amazonaseko indiarrei! Baina, noski, indiarrek ez zekiten zer zen dorre bat edo hiri bat. Beraz, beraientzat dorre horiek mendilerroak izan zitezkeen. Gainera, inoiz gelditzen ez den zarata bati buruz hitz egin zioten. Roncador mendizerran haizeak jotzen duenean, halako zarata eragiten du, izena hortik datorkio eta. Fawcettek bertuteak ere bazituen, noski: nekaezina zen, eta arriskuari beldurrik ez zion.

2015ean inken santutegi bat topatu zenuen, Perun. Arkeologoek noizbait aztertuko dutela uste al duzu?

Bai, nik uste dut Vilcabambako mendietan topatu genuen santutegia ikertuko dutela, baina kontua oso mantso doa. UNESCOren laguntzarekin, Hegoamerikan nazioarteko proiektua egin nahi dute, inken bideak berreskuratzeko, eta Peruk ere parte hartzen du proiektuan. Ibilbide turistikoak bultzatu nahi dituzte, eta bideetatik gertu dauden azpiegiturak txukuntzen ari dira. Beraz, egitasmo horretan santutegia sartuko dutela espero dut. Baina luze joko du horrek. Gainera, Vilcabambak arazo serioa du: bertako aberastasun  arkeologikoak eta naturalak itzelak dira, baina droga trafikatzaile handiak bertan daude. Horregatik, eta Machu Picchu gertu egonda ere. turismoa ez dute hara eramaten. 

Droga trafikoa dago, beraz? 

Bai, orain kokaina gehien ekoizten den eremua da hori. Kolonbiaren eta kokainaren arteko harremana jada folklore kontua da; orain Apurimac ibaiaren arroan dago mugimendu gehien. Droga trafikatzaileak ohartu ziren Perun indiarrek koka erabiltzen zutela, eta oso ona zela gainera. Beraz, pentsatu zuten negozio ona zela indiarrei ordaintzea koka hori eskuratzeko. Sendero Luminoso taldearen hondarrak ere badira. Gaur egun, talde horretako 200-300 lagun besterik ez dira egongo, baina droga trafikatzaileak ehunka dira. Nahaste izugarria dago hor ere. Apurimacetik egunero kokainaz betetako bost abioneta ateratzen dira. Oihanean marihuana ere landatzen dute. Horregatik ez zaie interesatzen zarata asko egitea, eta bertaratzen diren turistei ez diete eraso egiten. Trafikatzaile diskretuak dira, beraien artean eta poliziaren artean elkar hiltzen dute. Vilcabamba, beraz, delinkuenteen esku dago, Mendebaldeko eremuan, bederen.  

Hortik alde egin behar izan zenuten, orduan?

Bai, bertan sartzen zarenean, ez zara ongi etorria. Estatuak ez du aginterik, drogaren kartelak dira jaun eta jabe. Beldurra sartzen saiatzen dira, baina ez zaituzte zuzenean erasotzen, ez zaielako komeni. Baina jendea beldur da. Gu hara sartu ginenean, 17 lagun inguru ginen, eta, hala eta guztiz ere, gu kikiltzen saiatu ziren. Behin baino gehiagotan mehatxu egin ziguten. Beti ere, modu estalian. "Jakizu behin frantses bat etorri zela, suge batek koska egin ziola eta lau hilabete ondoren topatu zutela, hilda". Egoera hain zen larria azkenean hortik alde egin behar izan genuela. 

Zure azkeneko liburuan Vilcabambaren historia kontatzen duzu. Zein ikuspuntutatik? 

Ez da entsegu akademiko bat, horiek ez zaizkit interesatzen. Gaiak jendeari hurbiltzeko, kazetaritza historia baino tresna egokiagoa dela iruditzen zait. Nire asmo nagusia izan zen inken erreinuari buruzko istorio on bat kontatzea. Nola hasi eta desagertu zen, eta  abenturazaleek nola bilatu zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide