Jangelen inguruan Jaurlaritzak proposatutakoa kritikatu dute

Jangelen inguruan Jaurlaritzak proposatutakoa kritikatu dute
Mendialdean batzorde bat osatu dute, jangelen kudeaketa lantzeko. / ALEA

Ikastetxeetako jantokien kudeaketa aldatzeko Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren arabera, guraso elkarteek izango dute prozesua kudeatzeko ardura. Neurria ez dute begi onez ikusi, ez sindikatuek ez guraso elkarteek.

Datorren ikasturtetik aurrera EAEko guraso elkarteek eskoletako jantokiak zuzenean kudeatzeko aukera izango dute, joan den astean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezagutarazi duenez. Neurria bere horretan mantentzen bada, guraso elkarteek jangelen kudeaketa osoa izango dute euren esku, baita langileen kontratazioak ere. Hori egin ahal izateko, baina, adostasuna beharko dute ikastetxeek: zuzendaritzaren, gurasoen, langileen eta udalaren oniritzia beharrezkoa izango da. Bestetik, Jaurlaritzak agindu du diru-laguntzak bideratuko dituela kudeaketa hori egin ahal izateko.

Aspaldiko kezka da jangelen kudeaketaren gaineko kontrola. Orain indarrean dagoen ereduaren arabera, catering arloan aritzen diren enpresek lehiaketa publikoen bitartez lortzen dituzte jantokiak kudeatzeko kontratuak. Halere, irregulartasunak atzeman dira prozesuan. 2016an Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri zien horretarako kontratua eskuratuta zuten zortzi enpresari, gutxienez 2003. urtetik prezioak adostu zutela frogatutzat eman ostean.

"Desarautzerako" bidea

Jaurlaritzak erabakitakoak "langileen lan baldintzen aurka" egiten duela uste du LAB sindikatuak. Gaiaren harira Hezkuntza Sailak martxan jarritako batzordea "iruzurtzat" jo du LABek. "Hamar bileretan eragile eta esperientzia ezberdinak entzun eta gero, Sailak aldebakarreko erabakia hartu du eskola jantokietan kudeaketa ez zuzena bultzatzeko", salatu dute. Neurriak "desarautzeari ateak zabaldu" dizkiola diote. Jaurlaritzak ikastetxe guztietan sukaldeak jartzearen alde azaldu dira, eta langile guztiak Hezkuntza Saileko langile izateko eskatu dute.

500 guraso elkarte inguru biltzen dituen EHIGE erakundeak ere gogor kritikatu du Jaurlaritzaren proposamena: "aldebakarreko erabakitzat" jo dute, eta familietan zein gizartean "nahasmena sortzea" egotzi diote Lakuari. Egoera "datozen egunetan" konponduko delakoan daude, eta elkarrizketarako prest azaldu dira, "hezitzaileagoa" den eredu berri batera joateko.

Araban bereziki Mendialdean landu dute gaia azken hilabeteotan: Maeztuko eta Kanpezuko Udaletako eta bi herrietako ikastetxeetako gurasoek batzorde bat osatu dute bertan, Koadrillako ordezkariekin batera. Jangeletan beste elikadura eredu bat bultzatu nahi dute, bateak beste, ikasleen elikaduran "bertako, sasoiko eta ekologikoak" diren produktuak sartzeko.

Erlazionatuak

Ikastetxeetako jantokien kudeaketa eredua alda dezatela eskatzeko ekimena egin dute Kanpezun

Ikasturteko lehen egunean sinbolikoki uko egin zion Kanpezuko guraso elkarteak ikastetxeko jantokiko catering zerbitzuari.
Eskola jantokien ereduak aztertuko dituzte Maeztun

Mendialdea Arraia-Maeztu

Mendialdeko herri eskoletako gurasoen elkarteek jardunaldiak antolatu dituzte larunbatean.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?

Izan zaitez ALEAkide