Arabako mugimendu feministak elkarretaratzeak deitu ditu, gaur arratsaldean, Ilarduiako gasolindegiaren ondoan atzo aurkitu zuten Sophia Losche 28 urteko emakume alemaniarrarren hilketa salatzeko. 'Manada' taldeko bortxatzaileen baldintzapeko askatasunaren kontra izan diren protesta jendetsuen ostean datoz kalera ateratzeko deialdi berriak.
Gasteizen 19:00etan da hitzordua, Andre Maria Zuriaren Plazan. Aiaraldeko Mugimendu Feministak, berriz, elkarretaratze zaratatsuak egingo ditu, 20:00etan Laudioko Herriko Plazan eta Amurrion, 19:30ean, Juan Urrutia plazan.
Erakundeen aldetik ere etorri da emakume alemaniarraren hilketaren gaitzespena. Hala, Arabako Foru Aldundiak "atsekabea" eta gaitzespena agertu ditu hilketa matxistaren harira, eta dei egiten die arabar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko.
Espetxera bidali dute
Gaur jakin da Auzitegi Nazionalak espetxera bidali duela atzo atxilotu zuten 41 urteko gizonezkoa, Asparrenean agertu den emakumea hiltzea egotzita. Biktimaren izena Sophia Losche da, eta ekainaren 14an desagertu zen Leipzigen (Alemania), auto-stop egiten ari zela. Alemaniako Poliziak duela egun batzuk eman zuen Losche bilatzeko eskaria, familiak salaketa jarri baitzuen desagertuta zegoelako. Hedabide batzuen arabera, duela astebete ikusi zuten azken aldiz, Alemaniako zerbitzugune batean, auto-stop egiten. Azaldu dutenez, Poliziak susmoa zuen emakumea Espainiako Estatuko zerbitzuguneren batean zegoela.
Ustezko hiltzailea 41 urteko gizonezko kamioi gidari bat da. Jaengo Bailen herrian (Andaluzia, Espainia) atzeman zuen, atzo, poliziak.