Elkarretaratzea egin dute Gasteizen Iruñeko erasotzaileak aske utziko dituztela iragarri ostean

Erredakzioa 2018ko eka. 22a, 09:21

Amorrua sortu du beste behin Nafarroako Auzitegiak hartutako erabakiak.

Behin betiko epaia iritsi bitartean, Nafarroako Auzitegiak aske utziko ditu 2016ko sanferminetan emakume bat taldean eraso zuten bost zigortuak. 6.000 euroko bermea ordainduta aterako dira Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo.

Erabakia ezagutu eta berehala hasi dira protestak, kalean. Gasteizen, esaterako, mobilizazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan. Tentsio uneak bizi izan ziren bertan, bertaratutako jendeak Osteguna Rock jaialdiaren egitarau barnean antolatutako Las Furiasen kontzertuak eteteko eskatu zuelako.

Bi minutuko geldialdiaren ondoren, musika emanaldiarekin aurrera egin zuelako taldeak txistu artean. Kontzertua gelditzen ez zela ikusita, bertaratutakoek planto egin eta lurrean eseri ziren.

Gasteizkoaren ondotik, elkarretaratze gehiago daude deituta. Aiaraldeko mugimendu feministak, adibidez, hiru hitzordu iragarri ditu gaurko:tartean, Amurrion eta Laudion. Lehenengoan 19:30ean hasiko da Juan Urrutia plazan; eta Laudion, 20:00etan, Herriko Plazan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago