Aiaran, Okondon eta Zuian izan da parte-hartze altuena Gure Esku Dagoren galdeketetan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 6a, 21:42

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketak egin dira gaur Arabako zazpi herritan.

Gure Esku Dagok eman dituen datuen arabera, honako hauek izan dira parte-hartzea eta emaitzak Araban, udalerriz udalerri: Laudion biztanleen %14,5k eman du botoa (2.305 lagunek) eta %97,7k bai bozkatu du, Amurrion erroldaren %14k eman du botoa (1.485 lagunek) eta %97k bai bozkatu du, Artziniegan %19,13k parte hartu du (289 lagunek) eta %94,8k bai bozkatu dute, Aiaran biztanleen %33,8k parte hartu du (449 lagunek) eta %95k bai bozkatu du, Okondon %27,41k eman dute botoa (264 lagunek) eta %97k bai bozkatu du, Zuian erroldaren %23,13k parte hartu du (451 lagunek) eta %95,7k bai bozkatu du, eta azkenik, Zigoitin biztanleen %21,80k botoa eman du (325 lagunek) eta %98,7k bai bozkatu du.

Jai giroan ospatu dituzte galdeketak; goizean musika, dantzak eta umeentzako jolasak antolatu dituzte herri guztietan. Murgian, adibidez, Kataluniako Sant Vicenç dels Horts hiriko bizilagunen babesa izan dute eguna antolatzeko, eta eguerdi partean giza-dorre ikusgarriak egin dituzte herriko plazan katalanek.

Botoa emateko orduan goiztiarren artean izan dira Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, 10:00etan eman du botoa Laudioko Ugarte auzoan, eta Josune Irabien Amurrioko alkatea. Gazteak eta nagusiak hurbildu dira egun osoan zehar antolatzaileek auzo ezberdinetan jarritako mahaietara, eta gehienek azpimarratu dute galdeketak egitearen garrantzia eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar duela.

Informazio osatuagoa eta balorazioak hurrengo asteko ALEAn. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago