Iganderako deia egin du Gure Esku Dagok

Oier Azkarraga eta Miren Ayesa 2018ko mai. 3a, 16:13

Laudion agerraldia egin dute 23 udalerrietako ordezkariek. /Aiaraldea

Herri galdeketarako prest dira Aiaraldea eta Gorbeialdean. Hona hemen Oier Azkarraga eta Miren Ayesa Gure Esku Dago-ko kideek gaur aurkeztutako adierazpena: 

Datorren igandean Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan hautetsontziak kalera aterako ditugu, gure herriaren estatus politikoaz hitza hartzeko. Hilabeteetan aritu gara lanean; sinadurak biltzen, galdera adosten, herritarren parte hartzea sustatzen, konplizitateak josten eta herri galdeketak posible egiteko guztia antolatzen, berme guztiekin eta zorroztasunez. Nor bere herrian aritu bada ere, 23 udalerrietako kideok elkarrekin egin dugu bidea. Eta gaur azken aldiz bildu gara, hemen, Laudion, indarrak biltzeko.

Gure bizitzetan lehen aldiz izango dugu aukera igandean Euskal Herriaren etorkizunaz bozkatzeko. Ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun. Nahiz eta jakin maiatzaren 6ko galdeketen ondoren ez dela alkaterik aldatuko eta ez dugula lau urtetako politikan zuzenean eragingo, argi dugu prozesu honek merezi duela. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu gara. Galdeketaren ostean, gure herria helduagoa izango da, ahaldunduagoa, burujabeagoa. Eraiki nahi dugun etorkizunetik eta erabakitik hurbilago egongo gara. Hurbilago gaude.

Gaur esan dezakegu, bat eginda, gai garela gure kabuz, gure baliabideekin galdeketa bat antolatzeko, berme eta zilegitasun guztiekin. Eta ez gara bakarrak. Gero eta gehiago gara. Orain arte 180 herritan egindako galdeketetan ia 177.000 lagun mobilizatu dira. Igandean beste 90.000 pertsona inguruk izango dugu bozkatzeko aukera, behin behineko errolda datuen arabera. Eta olatuz olatu, herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatuko ditugu erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde.

Erabakira bidean 23 pauso txiki gehiago emango ditugu datorren igandean. Eta ekainaren 10eko giza katean urrats handi bat egingo dugu guztiok elkarrekin. Milaka arrazoi ditugu erabakitzeko, milaka arrazoi elkarri eskua emateko, eta milaka arrazoi gure etorkizunaz bozkatzeko. Horregatik, gaur dei egiten diegu gure herrikide guztiei parte hartu dezaten igandeko galdeketetan. Eskubide zibil eta politikoen defentsan eta demokraziaren alde. Has gaitezen irudikatzen eta eraikitzen gaur, bihar nahi dugun etorkizuna. Gure esku dago!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago