Laudion bozkatuko du Juan Jose Ibarretxek erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketan

Erredakzioa 2018ko mai. 4a, 11:02

Lan handia egin dute herritarrek azken hilabeteetan galdeketa egiteko. AIARALDEA

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak Laudion bozkatuko du igandean, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketan.

"Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?". Hori da Juan Jose Ibarretxek eta beste 15.895 laudioarrek erantzun beharko duten galdera, Gure Esku Dagok antolatu duen galdeketan. Lehendakari ohiak 9:30ean emango du botoa, igandean, Ugarteko plazan.

Amurrion ere, goizeko 10:30ean bozka emateko hitzordu berezia jarri dute, herriko plazan. Ordu horretan espero da botoa emango dutela Josune Irabien Amurrioko alkateak, Eva Blanco Eusko Legebiltzarreko lehen presidenteordeak eta Marian Olabarrieta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen diputatuak.

Gorbeialdeko Zuia eta Zigoitia udalerrietan eta Aiaraldeko Artziniegan, Okondon, Aiaran, Amurrion eta Laudion egun berezia dute bihar, igandea. Hilabeteak daramatzate lanean erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketa prestatzen, eta dagoeneko, bertan da.

Oraingoan, Araba mailan, 31.898 lagun daude hautetsontzietan deituta; Euskal Herri osoan, 23 udalerritan aukeratu dute maiatzaren 6a kontsulta egiteko, eta 92.959 lagunek izango dute beraien bozka emateko eskubidea.

Botoa emateko ordutegiari dagokionez, 09:00etatik 20:00etara egongo dira mahaiak zabalik honako tokietan: Zuian, Murgiako plazan; Zigoitian, Bengolarran; Artziniegan, Hiriko atean; Aiaran, Erretes de Lantenoko Herriko plazan, Arespalditzan eta Luiaondoko Madalena auzoan; Amurrion, Herriko plazan, San Anton de Armuru plazan, San Jose parrokian eta Bañuetaibar kalean; eta Laudion, Herriko plazan, Araba kalean, Ugarteko plazan, Aretako kultura etxearen ondoan eta Latiorroko Untzueta plazan. Udalerri honetan, gainera, mahai ibiltariak jarriko dituzte Gardean, Landaluzen eta baserrietatik; eta Amurrion, maiatzaren 5a aukeratu dute Aloria, Artomaña, Tertanga, Delika, Larrinbe eta Lezamatik pasatzeko. Okondon, azkenik, zehazteke dute mahaien kokalekua.

Ohikoa den moduan, jai giroan egingo dituzte udalerri horietan guztietan galdeketak, eta horren bueltan egun osoko egitarauak antolatu dituzte. 

 

Erlazionatuak

Iganderako deia egin du Gure Esku Dagok

Oier Azkarraga eta Miren Ayesa 2018 mai 03 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago