Arrakastatsua izan zen oso pasa den martxoaren 8ko greba feminista. Gasteizen goizeko zein arratsaldeko mobilizazioek markak hautsi zituzten. Izan ere, arratsaldekoa hirian inoiz egon den manifestaziorik handiena izan zen. Mugimendu feministak emandako datuen arabera, 35.000 pertsona elkartu ziren arratsaldeko mobilizazioan.
Mugimendu feministako kide Eukene Ruedak AleaFMn azaldu bezala, "greba egunak gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen". Emakumeek "maskulinotzat hartzen diren espazioak" berreskuratu zituzten, eta "erakutsi genuen espazio horiek geureganatzeko eta tresna berria sortzeko gaitasuna dugula", gaineratu du Ruedak.