Martxoak 8

Borroka feministak gainezka egin du Gasteizko kaleetan

A. Amenabar /A. Martinez de Luna 2018ko mar. 8a, 22:02

Alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin, 35.000 emakume elkartu dira arratsaldeko manifestazioan.

Beltza eta morea. Kolore horiek izan dira nagusi San Anton plazatik abiatu den manifestazio jendetsuan. "Borroka feminista!" eta "Emakumeok planto" ahotan, eta batukada soinu artean abiatu da jende oldea Gasteizko erdiguneko kaleetatik, Andre Maria Zuriaren plazara arte, emakumeek gidatutako kamioi eta traktoreak gidari.

"Zorionak; Gasteiz! Gaurkoa izugarria izan da! Biba gu!", eman diete ongietorria Foruen plazan, emakume feministen izenean. "Planto!" egin dute Gasteizen bertatik eta Araba osotik gerturatutako milaka emakumeek: "Planto aldarriarekin goaz, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko". 

Gaurko eguna bide luze baten "abiapuntua" izan dela gogoratu dute: "Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin". 

Beste gizarte eredu bat

Egungo sistemak emakumeak "indakeria ekonomikoaz" jazartzen dituela salatu dute, eta horregatik erabaki dute goizean Espainiako Gizarte Segurantzaren aurrera eta barrura aldarrikapenak eramatea. "Emakumeon prekarietatearen kontrako borroka egiturazko borroka politikoa delako; emakumeon liberazioa segurtatuko duen errealitate bat nahi dugu". 

Sistema heteropatriarkal eta kapitalista hau pertsonak "hil eta ezerezten" dituen egituretan eusten dela salatu dute, "feminismoak borrokatzen duen gizarte ereduaren antitesia dira". Egitura hauek, gainera, emakumeekin era bortitzagoan tematzen direla nabarmendu dute, "ikuspegi erabat maskulinoz eta matxistaz eraikiak baitira".

"Horrenbestez, emakumeok, lesbianok, transok, migratuok gure aniztasun osoan Planto egin dugu", hitzokin amaitu dute egun historikoa, eta bihartik aurrera ere lan egitera deitu dute, "antolatzen, borrokan, sareak sortzen, dantzan...!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide