Bizikidetza mahai gainean jarri dute egun hauetan Gasteizko hainbat eragilek, Argituz giza eskubideen elkarteak eta Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun zerbitzuak bultzatuta. Konkretuki, masa komunikabideek alor honetan duten zereginaz hausnartu dute joan den astean antolatu diren jardunaldietan.
Bertan parte hartu duen Felix Iriarte kazetariak AleaFMn azaldu bezala, "helburu nagusia masa komunikabideek informazioa nola ematen duten aztertzea izan da". Zentzu horretan, halabeharrez aipatu du egunotan pil-pilean dagoen Manzanares Cortes familiaren afera. "Zurrumurruak, faltsukeriak eta argudio arrazistak tarteko, familia bati etxebizitza batera sartzea galarazi diote".
Zentzu horretan, gorroto delitu eta gorroto diskurtsoaren artean dagoen marra zehazten saiatu dira jardunaldietan. "Masa komunikabideei oso erraza egiten zaie gorroto diskurtsotik aritzea, askatasun adierazpenak bermatzen baitu. Bestea, aldiz, delitua da". Izan ere, topaketan atera den ondorio nagusia hauxe izan da: "Manzanares Cortes familiaren aferan, komunikabide batzuek zenbait informazio gorroto diskurtsoaren barruan sartu dituzte", eta, Iriarteren esanetan, " bizikidetzaren ikuspuntutik oso urrats arriskutsuak egiten ari dira".
Hedabideek informazio bat argitaratu aurretik, birritan pentsatu behar dutela gaineratu du kazetariak. "Masa komunikabideek kontuan hartu behar dute informazio batzuek ahulenak kaltetu ditzaketela, eta kasu honetan, Manzanares Cortes familia da ahulena. Biktimak ez dira Aztegietan bizi diren berrehun pertsona horiek".
Hemendik aurrera, txosten bat lantzea da asmoa, besteak beste, bizikidetza lortzeko bidean, komunikabideei "gaindiezinak diren marrak zeintzuk diren zehazteko".