Secretariado Gitano fundazioak eta Gao Lacho Drom elkarteak "ijitoen familia bat etxebizitza berrira sartzea eragozteko" Aztegietan sortu diren "herritarren patruilak" salatu dituzte. Izan ere, Alokabidek Manzanares Cortes familiari babes ofizialeko etxebizitza esleitu dio Aztegietan; iragan abenduan erasotua izan zena.
Hilabete horretan ere familia horren aurkako "bullying mediatiko eta soziala" salatu zuten Arabako 50 bat pertsonak, tartean, unibertsitateko irakasleek eta Gasteizko ekintzaile ezagunek. Guztiek manifestu bat sinatu zuten Cortes Manzanares familiari babesa emateko eta "bakean bizitzeko" duten eskubidea aldarrikatzeko.
Orain, ijitoen elkarteek familia Aztegietako etxean sartzea eragozteko auzoan sortu diren "herritarren patruilak" salatu dituzte. "Ijitoen aurkako ekintza arrazista dela uste dugu, etxebizitza bezalako oinarrizko ondasun bat gozatzea eragozteko helburuarekin, familiaren etnia eta estereotipoak aitzakiatzat hartuta; izan ere, delinkuentzia familiako kide guztiekin lotzen ari dira, baita adingabeekin ere", salatu dute agiri batean.
Egoera horren aurrean, Manzanares Cortes familia etxebizitzan sartu ahal izateko neurriak hartzeko eskatu diete Udalari eta Udaltzaingoari. Era berean, aipatutako patruilen antolatzaileak identifikatzeko eskatu diete, gorroto delitu bat egotzita.