Programazio berria aurkeztu du Hala Bedik

Erredakzioa 2017ko aza. 14a, 09:25

Irudia: Hala Bedi

34 irratsaio propio ditu programazio berriak.

Hala Bedi irratiak ikasturte honetarako programazio berria aurkeztu zuen larunbatean. Ohi bezala, egitasmo komunikatiboaren kide eta lagunak Hala Bedi tabernan elkartu ziren, irratsaio berezia egin eta datozen hilabeteetan eskainiko dituzten nobedadeen berri eman zuten. Ohiko magazinez gain –Suelta la Olla, Zebrabidea eta Kantoia- 34 irratsaio propio ditu aurten Hala Bedi Bat-eko parrillak. Horietatik hamar euskaraz izango dira, 22 gazteleraz eta bana ingelesez eta galizieraz.

Aurten, esaterako, Arabako Aleak ekoizten duen AleaFM irratsaioa ere Hala Bedi Bi katean emitituko da; asteazkenetan, 20:00etatik 21:00etara. 

Irratsaio berriak

Hala Bedi Baten, kate elebidunean, bost irratsaio berri emitituko dituzte; 

No hay futuro: Punk-rock musikaren inguruko nobedadeak ekarriko dituen saioa. Irratsaioa gazteleraz da, eta ostegunero 20:30etik 21:30era entzungai izango da.

Kakatzarra: Arte eszenikoei eta antzerkiari bereziki eskainitako tartea. Irratsaioa euskaraz eta gazteleraz izango da, eta ostegunero izango dugu entzungai, 21:30etik 22:30era.

No Fun(k): Punk musikaren historian zehar egindako bidaia. Irratsaioa euskaraz izango da, eta ostegunero izango dugu entzungai, 15:00etatik 16:00etara.

Arima beltza: Musika beltzari, modu zabalean, eskainitako irratsaioa. Astelehenero, 15:00etatik 16:00etara entzungai.

What the basque: Ingelesez aktualitateari buruz hitz egingo duen irratsaioa da. Hala Bediko uhinetan emititzeaz gain, Australiako 3CR Melbourne irrati librean ere emititzen da. Asteartero, 19:00etatik 20:00etara.

Gainera, iazko urtean atsedena hartu eta gero, ikasturte honetan Laboratorio plat de cine irratsaioa ere bueltan izango da, zine ez komertzialari buruzko ordu beteko saioa, asteazkenero 23:00etatik 24:00etara.

Euskarazko eskaintza

Hala Bedi Biri dagokionez, euskara hutsezko katea (88.8 FM Gasteiz eta Lautadan), ikasturte honetan Hizpidea eta Araba Hizpide goizeroko magazinekin aurrera jarraituko dute, eta gauean Arrosa sareari esker, beste irrati batzuetako programak eskainiko dituzte egunero. Gainera, larunbat eta igandetan, goizeko 10etan, Alai Bedi umeen irratsaioa entzun ahal izango dute etxeko txikienek.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago