Lan baldintza hobeak eskatzeko, grebari ekin zioten Arabako kirol jardueretako langileek, aurreko igandean. Langileek egoeraren larritasunaren erantzuletzat dituzte Udala eta Aldundia, gutxien ordaintzen duten enpresak kontratatzeagatik. Disport Eki eta Aiteko enpresek hitzarmena ez dutela betetzen salatu dute.
Gaur arratsalderako bilera deitu du Udalak, baina esparruko Arabako bi enpresa nagusiak, Disport Eki eta Aiteko, alegia, ez dira bertaratu. Langileak eta zenbait enpresa, ordea, Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzi Estibaliz Cantorekin bildu dira. Hala ere, aipatutako bi enpresak ez direnez egon, beste bilera deitu dute biharko, 11:30ean.
Greba, Araban
Greba Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan eta gizarte etxeetan egiteaz gain, Maeztu, Kanpezu, Bernedo, Murgia eta Agurainera ere heldu da. Patronalak langileen eskaerak onartu ezean, greban jarraituko dute uztailaren 31ra arte gutxienez. Egun horretara iritsiz gero, baliteke greba abuztura luzatzea. Ordura arte, mobilizazioak egingo dituzte egunero langileek: 12:00etan ari dira biltzen Plaza Berrian.