Uztailaren 23an hasi zuten Arabako kirol jardueretako langileek greba. Langileen partetik, eskaera ezberdinak egin dizkiote patronalari, tartean, lekualdatzeak lan ordu bezala kontatzea, tenperaturaren arabera lan egiten duten langileei goardia ordaintzea edo Kontsumoaren Prezioen Indizearen igoera.
Greba hasi zen egunetik, Gamarra eta Mendizorrotzako igerilekuak itxita ikustea izan da ohikoena, baina badira itxita egon diren beste zenbait gune: Aldabe, Lakua, Judimendi eta San Andres gizarte etxeetako igerilekuak itxita egon dira eta Lakua, Astronomos, Abetxuku, Zaramaga eta Adurtzako frontoietako langileek ere bat egin dute grebarekin. Gainera, nahiz eta langileen kooperatiba baten menpe egon, Hegoalde eta Ariznabarrako eskalada-murruko begiraleek ere elkartasuna adierazi diete grebalariei, haiek ere itxiz. Grebak arrakasta handia izan du, eta Udalak ezin izan ditu gutxieneko zerbitzu batzuk bermatu.
Greba, Arabara
Baina grebak aurrera egin ahala, borroka Gasteiztik atera da, Arabako puntu ezberdinetara iritsiz; izan ere, herrialdeko langileak baldintza berdinetan daude. Maeztu, Kanpezu, Bernedo, Murgia eta Agurain herrietako langileak horren adibide dira: greba hasi zenetik, greban dauden langileekin egon dira harremanetan, azkenean, grebarekin bat eginez.
Gasteizen, bitartean, mobilizazioek jarraitzen dute. Patronalak langileen eskaerak onartu ezean, greban jarraituko dute uztailaren 31ra arte gutxienez. Egun horretara iritsiz gero, baliteke greba abuztura luzatzea. Ordura arte, mobilizazioak egingo dituzte egunero langileek: 12:00etan ari dira biltzen Plaza Berrian.