Astearen hasieran Arabako kirol jardueretako langileek, tartean, begiraleak eta soroleak, argi iragarri zuten: eskaerak bete ezean, greba egingo zuten uztailaren 23tik 31ra. Uztailaren 12an, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek greba deialdia erregistratu zuten, eta negoziatzeko prest agertu ziren orduan. Bi asteren ostean, ez da akordiorik egon eta igandean hasiko da greba.
Eskatzen zitzaien gutxienekoa betetzen ez dela ikusita -soldaten igoera, egutegia…-, greba "zeozer duinagoa lortzeko" egingo dute langileek datozen egunetan. Hori bai, minimo batzuk betetzera doaz:
- Kontsumorako Prezioen Indizearen +%1eko igoera monitoreei eta sorosleei.
- 4. taldearen %37ko gehitzea, adostutakoarekin progresioarekin, baina 2017an hasita.
- Sorosleek minimo bat kobratzea. Askotan, eguraldi txarra dela eta, sorosleak ez dira lanera joan behar; "guardia" horrengatik minimo bat kobratzea eskatzen dute.
- "A lekutik", "B lekura" egiten den lekualdatzea lan ordu bezala kontatzea.
"Patronalak eskaini duena txantxa moduan hartzen dugu, eta gutaz barre egin duela uste dugu", azaldu dio Hala Bediri langileetako batek. Orain, martxan hasiko dira, mobilizazio ezberdinekin. Lehenengoa, uztailaren 21ean egin dute, Gasteizko Plaza Berrian. Langile hauen artean daude kantxetako zaintzaileak, igerilekuetako sorosleak edo kirol instalazioetan lan egiten duten beste zenbait langile. Langile hauek instituzio publikoek kontratatzen dituzten azpikontratetan egiten dute lan.