Egitaraua, ekintzaz ekintza
09:00 Aire zabaleko pintura lehiaketaren 23. edizioa.
11:00 Arabako patataren sukaldaritza lehiaketaren 24. edizioa.
11:00 Meza, santutegian, Mairu abesbatzak lagunduta.
12:00 Zeinu hizkuntzako meza santutegian, gorrentzat.
12:30 Arabako aurresku eta dantza solteko txapelketa; 24. edizioa.
12:30 Herri kirolen erakustaldia: 2016ko aizkolari txapelketa banaka, eta harri jasotzea, Julen Diaz arabarrarekin.
17:00 Aire zabaleko pintura azkarraren lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa, harrera zentroan.
18:30 Pintura lehiaketako sari-banaketa.
San Prudentzio bezala, Estibalizko Ama Birjina ere prest dago XI. mendean eraikitako gotorleku erromanikoan ehunka arabar hartzeko. Gasteiztar asko Vasco-navarro trenbidea zenaren bidea hartuko dute igandean, maiatzak 1ean, eta Arabako hiriburua eta santutegia lotzen dituen hamaika kilometroak egingo dituzte oinez edo bizikletaz.
Goiz hasiko dira ekintzak Estibalizko muinoan. Urtero bezala, aire zabaleko pintura azkarraren lehiaketak emango dio hasiera egitarauari. Izen-ematea egunean bertan eman beharko da, 09:00etatik 10:00etara, santutegiko harrera zentroan.
Elizkizunek eta sukaldaritza lehiaketek hartuko dituzte eguerdira arteko orduak. Betiko moduan, patatak izango dira azken horietako protagonistak; tortilla patatak, hain justu ere. Azpimarratzekoa da berrehun tortillatik gora egiten direla urtero Estibalizko Ama Birjinaren egunean.
Sukaldariak zartagin artean murgilduta dauden bitartean, inguruan jartzen diren postuetan bertako produktuak erosi ahal izango dituzte bisitariek; eta eguerditik, aurreskua eta dantza soltean dantzariek duten abilezia ikusteko aukera izango dute; herri kirolak gustuko dituztenek ere aizkolarien eta Julen Diaz harri jasotzailearen abileziaz gozatuko dute.
Arratsaldera arte
Toki paregabea da Estibaliz eguna han igarotzeko; hortaz, eguraldiak laguntzen badu, asko izango dira bertan topatuko dituzten aukera ezberdinen artean mokadutxoa jan eta bisita arratsaldera arte luzatuko dutenak. Pintura lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai jarriko dituzte orduan, eta horren sari-banaketa ere egingo dituzte. Aspertzeko astirik ez da izango.